Insaustik dio «argitu» egin behar dela Egiako tiroketaren arrazoia arrazakeria izan den
"Gorrotoak ez dauka lekurik Donostian", nabarmendu du Jon Insausti alkateak, joan den astean Egian kale egoeran zegoen pertsona migratzaile batzuen aurka izandako tiroketaren inguruan galdetuta, "eraso oso larria" dela adieraztearekin batera.
Jon Insausti alkatea, irailaren 15eko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan.Beñat Parra Kale egoeran dauden pertsona migratzaile batzuei aire konprimatuzko arma batekin tiro egin zieten joan den ostegunean Egian, eta tiroetako batek begi ondoan jo zuen pertsona horietako bat. Eraso horren harira, manifestazio jendetsua egin zuten atzo (hilak 14), Egiatik udaletxera, arrazakeriaren aurka. Erasoa gertatu eta bost egunera hitz egin du Jon Insausti alkateak publikoki gaiaren inguruan, Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan kazetariek galdetuta.
Erasoa gaitzetsi du alkateak, “oso larritzat” joz eta nabarmenduz Donostia “hiri irekia” dela eta “gorrotoak” ez duela “lekurik”. Nabarmendu du, halaber, Ertzaintza eta Udaltzaingoa “bete-betean” ari direla gertakaria ikertzen, eta “argitu” egin behar dela erasoaren “motibazioa” arrazakeria izan den. Hain zuzen ere, hala salatu dute Hiritarron Harrera Sareak eta Donostiako beste hainbat gizarte eragilek, nabarmenduz Egiako tiroketa ez dela “kasu isolatua”, udan antzeko eraso bat izan zelako Parte Zaharrean.
Bestalde, Insaustik azaldu du Donostiako Udalak gorroto delituen aurkako protokolo bat duela, eta garrantzitsua dela polizia ikerketak argitzea erasoaren arrazoia arrazakeria izan den, “protokoloaren norabidea zehazteko”: “Guk egilea zein izan den jakin behar dugu, hori aztertu eta horren arabera jakin motibazio arrazista egon den ala ez. Hala ere, gertatu dena larria da”. “Hartuko ditugu hartu beharreko neurriak”, gaineratu du, baita azaldu ere oraindik ez dutela “informazio nahikoa”.
Biktima “zaindu” dute
Erasoa pairatu zuen pertsonaren inguruan, alkateak azaldu du udalaren Gizarte Zerbitzuen sisteman sartuta zegoela aurretik, baita Otorduak programaren erabiltzailea dela ere. Horrela, nabarmendu du artatu ez ezik, “zaindu” ere egin duela udalak: “Botikak erosi dizkio udalak eta, orain, Gaueko Aterpetik Abegi Etxera pasatu da eta logela propioa dauka egun hauek pasatzeko”. Hain zuzen ere, Gaueko Aterpeak 20:00etatik 09:00etara eskaintzen du harrera zerbitzua, eta Abegi Etxeak zerbitzu osoagoa eskaintzen du. “Pertsona hau zainduta eta babestuta dago orain”, gehitu du alkateak.

