Martuteneko eguzki planta berri batek energia garbiz hornituko ditu hiriko hamaika udal eraikin
Arantzazuko Ama ikastetxean jarriko dituzte eguzki plakak.Joseba Parron San Sebastian Donostiako Udalak autokontsumo partekatuko instalazio fotovoltaiko berri baten esleipena egin du Martuteneko Arantzazuko Ama ikastetxean. Proiektua 89.691,74 euroko zenbatekoan esleitu da, eta 100 kW-ko potentzia izendatua izango du. Hala, instalazioa osatzeko, 500 Wp-ko 200 eguzki panel jarriko dituzte ikastetxeko kirol kantxen estalkiaren gainean.
Aurreikuspenen arabera, panel horiek 90.090 kWh ekoitziko dituzte urtean, eta energia hori 2.000 metroko erradioan dauden hamaika udal ekipamenduren artean banatuko da. Onuradunen artean ikastetxeak, kultura ekipamenduak eta adinekoen elkarteak daude; zehazki, Ernest Lluch kultur etxea izango da energia garbi horren hartzaile nagusietako bat, ekoitzitakoaren %38a bertara bideratuko baita.
Eredu energetiko jasangarriago bat
Iñigo Garcia Ingurumen eta Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, udalak eredu energetiko jasangarriago batean sakondu nahi du. Hala, instalazio hau urrats berri bat da autokontsumo partekatua handitzeko eta erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko.
Bide horretan, udala hurrengo proiektu fotovoltaiko handiago bat garatzeko lanetan dabil Mons kiroldegian. Proiektua aztelanen fasean dago orain, eta 1.560 eguzki panel inguru eta 920,4 kWp-ko potentzia instalatzea aurreikusten dute. Garciak adierazi duenez, Martuteneko eredu hori hedatuz, Monseko instalazioak jauzi garrantzitsua ekarriko du udalaren sorkuntza gaitasunean, energia propioa ekoizteko gaitasun handiagoa izango duen hiri efizienteago baterantz bideratuz.

