«Paseo sakon bat» Donostian barrena, Tomas Hernandezen marrazkien bidez
'Donostiako paisaiak' erakusketa inauguratu du Parte Zaharreko Ekain arte galeriak, Tomas Hernandez Mendizabal artista donostiarrak hiriko leku asko eta askotan egindako marrazkiek osaturikoa.
Ekain arte galerian dago ikusgai Tomas Hernandez Mendizabal artista donostiarraren erakusketa.Beñat Parra “Paseo sakon bat Donostian barrena”, halaxe definitu du Parte Zaharreko Ekain arte galeriako arduradun Rita Unzurrunzagak bertan inauguratu berri duen erakusketa: Donostiako paisaiak. Tomas Hernandez Mendizabal (Gros, 1940-2021) artista donostiarraren marrazki ugarik osatzen dute erakusketa hori. Azaroaren 7ra arte egongo da ikusgai.
Donostiako leku askotako marrazkiak dira, Hernandezek berak bertatik bertara egindakoak, urte askotan zehar: “Donostiarrok erraz identifikatuko ditugun lekuak dira”, nabarmendu du Unzurrunzagak. Izan ere, Parte Zaharreko eta Erdialdeko kaleetako txoko ugari erakusten dituzte marrazkiek —Parte Zaharrean bizi zen Hernandez—, baina baita auzoetako batzuk ere: Arte Ederrak eraikina, Easo plazaren ingurua, Groseko hainbat gune, Gladys Enea parkea eta abar.
Lumaz egindakoak dira marrazki gehien-gehienak, “beltza zuriaren gainean”, eta koloretan egindako bi daude, galeriaren sarreran kokatuta. Parte Zaharreko Esterlines kalean bizi zen artista, eta, hain zuzen ere, kale horretako teilatu batetik egindakoa da lan horietako bat, gutxienez. “Mantso egindako lanak dira gehienak, oso lan zehatzak”, nabarmendu du Unzurrunzagak, baita azaldu ere zintzilikatuta dituenez gain, beste asko ere badituela galerian bertan eskuragarri: “Bilduma zabala da”.
Obra zabala
Ibilbide oso luzea egin zuen Hernandezek artean, eta 2021ean zendu zenetik, milaka dira orain bere semeak zaintzen ari diren lanak. Hain zuzen ere, obra horietatik guztietatik, Donostiako marrazki bilduma zabal hori aukeratu zuen Mikel Letxundi komisarioak, Ekain galeriari eskaintzeko.
“Ez da erraza izan hau guztia muntatzea”, aitortu du Unzurrunzagak, baina, hala ere, nabarmendu du prezio ahalik eta eskuragarrienak jartzen ahalegindu dela, Hernandezen semeekin elkarlanean: “Gehienez, 500 euroko prezioa dute marrazkiek, jendeak aukera izan dezan horren ezaguna zen artista honen lan bat etxera eramateko”.
Kartelgintzan aditua
60 bat urte inguruko ibilbidea ondu zuen Hernandezek, eta, bereziki, kartelgintzan egindako lanarengatik zen ezaguna. Izan ere, Donostiako jai ugaritako kartelak egin zituen urte luzez, baita Tolosako Inauterietakoa ere, 50 urtez baino gehiagoz jarraian.
Horrez gain, Urrezko Danborra diseinatzeaz arduratu zen 50 urtez eta estilo askotako obra plastiko zein eskultura ugari ondu zituen bere ibilbidean zehar. IRUTXULOKO HITZAk luze eta zabal hitz egin zuen berarekin 2020an: “Nora joango da guztia?”, galdera bota zuen airera elkarrizketa haren amaieran; bada, momentuz, lanetako batzuk Ekain galeriara joan dira, edonork gozatu ahal izan ditzan.

