'Salitre' filmarekin hasiko da 37. Fantasiazko eta Beldurrezko Astea
Norma Vilak zuzendutako filmaren protagonistetako bat da Nagore Aranburu.37. Fantasiazko eta Beldurrezko Astea Norma Vila bilbotarraren Salitre filmarekin hasiko da urriaren 30etik azaroaren 6ra luzatuko den 37. Fantasiazko eta Beldurrezko Astea. Nagore Aranburu eta Haizea Carneros protagonista ditu habi hutsaren sindromera hurbiltzen den lanak. Zuzendariaren lehen luzea da, aurrez egindako film laburren artean Jules D eta El fin de todas las cosas sarituak ditu.
Maite bere bizitzari zentzua ematen dioten bi zutaberi eutsita bizi da: Nerea, alaba, eta itsaskien negozioa; labarraren ertzean induskatutako haztegi natural bat eta bizi diren etxea altxatzen den lekua. Bere errutina, zorrotza eta metodikoa, Nereak kolokan jarriko du Artea ikastera Bartzelonara joateko asmoa duela esatean. Nerearentzat independentziarako urratsa dena, Maiterentzat mehatxu bihurtzen da.
Salitre amatasunaren alde ilunera bidaia intimo eta sentsorial moduan definitu du Vilak, izu psikologikoa eta gorputzarena hizkuntza emozional gisa baliatu du. Kezka zehatz batetik sortu zen: maitasunak ere alde egiten uztea dakarrela onartzeko ezintasunetik. Malenkoniatik urrun, galtzeko beldurra muturreko esperientzi gisa ikertu nahi izan du. “Nola beldur horrek, izendatzen eta kudeatzen ez denean, lotura desitxuratu dezakeen zerbait itogarri, bortitz eta gaizto bihurtzeraino. Salitre-n naturaz gaindikoa eta izugarrikeria protagonistaren barne gatazkatik sortzen da, eta erabat ulertzen ez dugun irudi anbiguo batean gauzatzen da: metafora da, baina materia ere bada. Emozionala fisikoa bihurtzen den puntu hori lantzea interesatzen zitzaidan, non sentitzen dugunak presentzia hartzen duen eta espazioak eta gorputza bera inbaditzen dituen”.
Hudson, Intxaurrondon
Bestalde, antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengo kartelaren protagonista den Samantha Hudsonek kontzertua emango du urriaren 29an. Artistak Donostian egingo duen lehen emanaldia da, eta La Diega DJa izango du lagun. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, 11:30ean, Donostia Kulturako webgunean, 18 euroan.

