Donostia Arraun Lagunak-ek 2.000 euroko isuna ordaindu beharko du
Eusko Label ligako Donostiako estropada.Aitor Arrizabalaga TKE ligak, Eusko Label eta Euskotren ligen antolatzaileak, Donostiako uztailaren 25eko emakumezkoen estropadaren inguruko ebazpena jakinarazi du. Gogoratu behar da eguraldi txarragatik, arraunari uko egitea erabaki zutela sei klubek, eta bakoitzari 2.000 euroko isuna ezarri die ligako diziplina epaile bakarrak.
Donostia Arraun Lagunak da zigorra ordaindu behar duenetako bat, Astillero, Hibaika, Orio, Tolosaldea eta Zumaia traineruekin batera. Soilik bi agertu ziren estropadarekin aurrera egitearen alde: Donostiarra —estropadaren antolatzailea— eta San Juan.
Epailearen arabera, “arau hauste larria” da sei klubek harturiko erabakia. Izan ere, araudiak zigortu egiten du “elkartearen eta zuzendaritza organoen irudiari edo interesei kalte egiten dieten egintza eta adierazpen publikoak egitea”.

