Zer plan duzu asteburu honetarako Donostian?
'Ahotsak' dantza ikuskizuna. Zer plan duzu asteburu honetan Donostian? Alde batetik, ez ahaztu Egiako Porrontxo jaiak eta Loiolako Erriberako jaiak ospatuko dituztela asteburu honetan; hemen dituzu egitarauak. Bestetik, gure agendan ekitaldi aukeraketa zabala aurkituko duzu, eta egun bakoitzeko plan proposamen bat egingo dizugu jarraian.
Ostiralean (hilak 18), dantzaz gozatzeko aukera paregabea duzu hirian, izan ere, Dantza Hirian jaialdia Donostiara iritsiko da ostiralean. 19:00etan, El mundo atrás eta Ahotsak ikuskizunak emango dituzte Plaza Berrian, eta, 19:45ean, All Clear ikusi ahal izango da, Lasta plazan. Sarrera doakoa izango da.
Larunbatean (hilak 19), Mod kulturaren Brighton 64 talde historikoarekin agur kontzertua da gure gomendioa, Dabadaba aretoan. Gauerdian, Free Zing eta Pizky B2B Galiano DJ-ak arituko dira, han bertan. Bi ekitaldietarako sarrerak aretoaren webgunean eta han bertan daude salgai.
Igandean (hilak 20), musika proposamen berezia dakar Il Harmonica Trio hirukoteak Altxerri aretora, hiru harmonikarekin, pianorekin eta ahotsekin. Sarrerak aretoan bertan egongo dira salgai, 5 euroan.
Bonus track. Astean zehar egiteko plan bat ere proposatuko dizugu: Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm erakundeko militantearen desagerpenaren harira antolatutako erakusketa irekiko dute asteartean (hilak 22), Aiete Kultur Etxean. Asteartetik ostiralera, 16:00-20:30 ordutegian bisitatu ahal izango da. Larunbatetan, aldiz, goizez eta arratsaldez, eta, igandeetan, soilik goizez.

