«Argi nuen jendearentzako arropa diseinatu nahi nuela»
Ione Iruretagoienak (Zubieta, 1996) txikitatik maite izan du modaren mundua, eta Moda Diseinua ikasi ondoren sortu zuen bere izen bereko marka. Donostiako Morlans auzoan duen atelierrean, arropa eta osagarriak diseinatu eta saltzeaz gain, ezkongaien eta gonbidatuen soinekoak ere egiten ditu.
Ione Iruretagoiena, moda diseinatzailea.Maider Agirre Non: Morlans pasealekua, 12, Donostia.
Telefonoa: 673 64 29 32.
Webgunea: Ioneiruretagoiena.eus.
Nolatan sortu zenuen Ione Iruretagoiena marka?
Oso prozesu naturala izan da. Moda Diseinua ikasi nuen, txikitatik izan baitut mundu horretan sartzeko gogoa. Karrera amaitzean, pixkanaka, hasi nintzen nire logoarekin kamiseta, jertse eta poltsak egiten. Pandemia amaitzean, argi nuen jendearentzako arropa diseinatu nahi nuela, eta Morlansen horretarako leku propio bat jartzea erabaki nuen, nire familiak animatuta. Hasieran, ezkontzetako gonbidatuen arropetatik hasi nintzen, eta, orain, ezkongaiekin lanean ere hasi gara.
Ezkongaien soinekoena da zuen espezialitatea?
Denetarik egiten dugu. Morlanskoa atelier bat da azkenean, denda moduan ere funtzionatzen duena, baina ordutegi finkorik gabe. Garaiaren arabera, kamisetak, jertseak, poltsak edota biserak izaten ditugu salgai, nolabait ere, edozein pertsonak eros ditzakeen produktuak. Baina gero eta gehiago dira ezkongaien eta gonbidatuen soinekoak bilatzen dituztenak. Hori publiko objektiboagoa da.
Zer bilatzen dute ezkongaiek soineko batean?
Batzuek oso argi izaten dute zer nahi duten, eta beste batzuek, berriz, batere ez. Zerotik hasten garenez, prozesuan zehar ikusten goaz zer gustatzen zaien eta zer ez. Hasieran dena oso argi duten askok, gainera, ideia guztiz aldatzen dute. Orokorrean, bilatzen dena da soinekoak pertsonalitatea izatea eta hura jantzita norbera sentitzea. Ezkontza eguna denez, erosotasuna ere garrantzitsua da, soinekoa polita izateaz gain.
Eta nolakoa da diseinu prozesua?
Lehenengo zitan, ezkongaiaren beharrak eta gustuak identifikatzen ditugu, bere ideiak entzun eta pertsona bera ezagutzeko. Hiru edo lau diseinu egiten ditugu, eta konpromisorik gabeko aurrekontua bidaltzen diogu. Egoki ikusten badu, aurrera egiten dugu: neurriak hartu, prototipoak egin eta, pixkanaka, azken soinekoa izango dena osatzen goaz. Prototipoa finkatuta dagoenean, oihalak aukeratu eta soinekoa prestatzen dugu.
Pluralean hitz egiten duzu.
Bai, bi gara. Ni eta beste neska bat. Biok egoten gara tailerrean lanean.
Gehien bat zein hizkuntzatan egiten duzue lan bezeroekin?
Denetik izaten da. Donostian, jende erdaldun asko ere badago, eta egoera bakoitzera egokitzea tokatzen zaigu. Euskaldunak ere badira, eta nire inguruko lagun eta ezagunak euskaldunak dira. Azkenean, pixka bat denetarik izaten dugu.



