Ondarretako harrien arazoa behin betiko konpondu nahi du udalak
Kostako Zuzendaritza Nagusia, Jasangarritasun foru departamentua eta udala elkartu dira bileran.Donostiako Udala Atzo, osteguna, egin zuen Donostiako Udalak lehen bilera Kostaren Zuzendaritza Nagusiarekin eta Jasangarritasuneko foru sailarekin. Ondarretako hondartzan dauden harriei eta materialei “epe luzerako irtenbidea” bilatzea du helburu mahaiak eta “plangintza tekniko partekatu” baterantz bidea dela nabarmendu du udalak: “Jarduketak aurreratzeko, erantzunkizunak koordinatzeko eta egon daitezkeen konponbideak elkarrekin aztertzeko”.
Honakoa azaldu du Iñigo Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak: “Ondarretak begirada globala behar du. Isolatuta aztertu ezin diren hainbat baldintzazaile eta afekzio dituen hondartza baten aurrean gaude”.
Azterketa tekniko espezifiko bat enkargatuko dute, hondartzaren morfologia eta dinamika aztertzeko eta hala harrien eta materialen egoera eragiten ari diren arrazoiak zehazteko. Lortuko dituzten ondorioetatik abiatuta zehaztuko dituzte erakundeek elkarlanean hartu beharreko neurriak. “Gai konplexu baten aurrean gaude” nabarmendu du zinegotziak, eta koordinazioa, zorroztasun teknikoa eta inplikatutako administrazioen arteko elkarlana beharrezkoak direla azaldu du “irakunkorra izango den konponbide baterantz aurrera egiteko”.

