Su etenarena
Filma: ‘OASIS, DON’T LOOK BACKIN ANGER’
Zuzendaria: Dylan Southern, Will Lovelace
Urtea: 2026
Herrialdea: Erresuma Batua
Oasis taldearen itzala hain da handia, hainbeste dira hamarkadetan zehar transmititu eta mantendu diren hitzak, doinuak, eztabaidak, kontzertuak, diskoak eta berrargitalpenak, ezen edozein saiakera dokumentalek ezerezkerian gelditzeko arriskua baitauka. Oasis: Don’t Look Back in Anger filmaren egileek bazekiten hori eta, neurri handi batean, ez dira egitate horren kontra borrokatu. Alderantziz, mitoaren barruan kokatu dira, behatzaile.
Hala, Dylan Southern eta Will Lovelaceren dokumentala Gallagher anaien itzuleraren inguruan egituratzen da, haien arteko gatazkaren autopsia egiteko xederik gabe. 2009ko hausturaren ondoren, Liam eta Noel Gallagherrek berriro partekatu dute eszenatokia, eta filmak itzulera horren inguruko aparretan egiten du igeri: entseguak, kontzertuak, zaleak… Izan ere, Oasis berriro elkartu dela kontatzea jada askok idatzitako albistea da, baina Liam eta Noel Gallagherrek hamasei urteko isiltasunaren ondoren berriro elkarrekin jotzea zer den ulertzen saiatzea oraindik egiteke zegoen ariketa. Bada, dokumentala horren bila abiatzen da, eta, bidean, denok esperotako horretan bilakatzen da: belaunaldi baten oroimen sentimentalaren erretratua.
Jakina da zer gertatu zen: liskarrak, ezinikusia, Rock en Seine eta behin betikoa zirudien haustura bat. Eta jakina denez gero, filmak ez du zauriaren barrura begiratzeko beharrik: bateratze bati buruzko kontakizuna da, barkatu behar den horri apenas erreparatu gabe. Ondoriozta daiteke aseptiko jokatze horrek sakontasuna ken diezaiokeela dokumentalari, baina nik esango nuke jorratu nahi duen gaiari heltzeko biderik zuzenena dela.
Jar dezagun azpimarra, beraz, taldeak bere publikoarekin duen lotura ia erlijiosoan. Hori baita filmaren funtsa, baita honen alderdirik indartsuena ere. Badago musika, noski: Supersonic, Slide Away, Wonderwall, Don’t Look Back in Anger… anaien katalogo ia unibertsala ez baita mugatzen irudiak laguntzen dituen soinu banda izatera, argumentuaren parte da. Eta, badago, batez ere hau, publikoaren zirrara. Ugariak dira kontzertuetan jasotako irudiak, baina, oholtzatik urrun, zaleen aurpegietan bilatzen dute zuzendariek rockaren emozioa. Belaunaldi desberdinetako ikusleak elkar besarkatzen, negar egiten eta abesten ageri dira; izan ere, haientzat Oasis ez da soilik talde bat, beren bizitzako une jakin batzuk lotzen dituen katebegia baizik.
Bere horretan diraute Gallagher anaiek, harrokeriaz, sarkasmoz eta umore lehorrez. Baina ezin uka zahartu egin direla, eta, horren ondorio-edo, bada haien arteko harremanean lehenengoz ikusiko dugun elementu berri bat: neurria. Eta horixe da, finean, dokumentalaren emoziorik sinesgarriena.
https://www.youtube.com/watch?v=2YTX2KxgEdg

