Hiri baso bat eta 480 etxebizitza aurreikusten dituen proiektua aukeratu dute Easoko trenbide ingururako
Denis Itxaso eta Susana Garcia Chueca sailburuak proiektu irabazlearen arduradunekin.Irekia Kataluniako JPAM City Makers taldearen Hiri basoan bizitzea proiektua hautatu dute Easo-Amarako trenbide zabaltzearen hirigintza eraldaketa garatzeko. Proposamenak herritarren ekarpenak izan ditu abiapuntu eta lehiaketan ezarritako bi irizpide nagusietan puntu gehien lortu duena da: 33 puntutik 33 herritarren eskarien eta erakundeen beharren integrazioan, eta 15 puntutik 15 mugikortasunean. Hain zuzen ere, aurreikusitako hiri ereduaren oinarrizko egiturari eutsiz eta beharrezkoak diren egokitzapenak soilik eginez erantzuteko duen ahalmenagatik nabarmendu dute.
Proposamen irabazlearen elementu nabarmenetako bat 9.000 metro koadro inguruko kiroldegi publiko berria da, igerileku bat eta hiru kirol pista barne; egungo geltokiaren lekua hartuko du, baina ez eraikin isolatu moduan, hiri-egitura berriaren parte gisa baizik. Soluzio horrek identifikatutako herritarren eskarietako bati erantzuten dio.
Proiektuak 480 etxebizitza aurreikusten ditu, eta 525 etxebizitzara iristeko aukera egongo da, espazio komunitarioen behin betiko soluzioaren arabera. Hasieran planteatutako 480 etxebizitzetatik, 432 babestuak izango dira alokairuan eta gainerako 48ak etxebizitza libreak. Babestuen artean, babes sozialeko 216 etxebizitza eta 216 etxebizitza tasatu aurreikusi dira. Bizitegi banaketari dagokionez, askotariko osaeraren alde egin dute: 98 etxebizitza logela batekoak izango dira, 288 etxebizitza bi logelakoak eta 94 etxebizitza hiru logelakoak.
Hiri baso bat ere barne hartzen du egitasmoak, hala, egungo 539 zuhaitzak mantendu eta beste 382 landatuko dituzte. Gainera, espazio publikoaren % 25 inguru lurzoru iragazkorretarako erreserbatuko da. Proposamenak itzala eman, hiri-erosotasuna hobetu eta beroaldietara egokitzen lagundu dezaketen benetako babesleku klimatiko gisa planteatzen ditu berdegune horiek.
Balorazioan kontuan hartu dira, halaber, oinezkoen ibilbideen jarraitutasuna, irisgarritasun unibertsala, egoteko espazioak eta behe-solairuen eta espazio publikoaren arteko lotura. Asmoa da egunero erabili ahal izango diren eta hiri-bizitza eta erabilera desberdinen arteko interakzioa erraztuko duten kaleak eta plazak sortzea. JPAM taldea hautatu izana ez da proiektuaren balorazio orokorraren ondorioa izan, besterik gabe; horrez gain, puntuaziorik handiena lortu du lehiaketan ezarritako bi irizpideetan.
Fase berri bat
Proiektua hautatuta, prozesuaren hurrengo fasea irekiko da orain, HAPOaren aldaketa idaztea. Talde irabazleak bost hilabete izango ditu proposamena garatzeko, kontratua sinatzen denetik aurrera. Aurreikusitakoaren arabera, aldaketaren zirriborroa urte honen amaierarako egingo dute, eta proposamen osoa 2027ko udaberrian egongo da izapidetzeko prest. Ostiral goizean ezagutarazi zuten erabakia Easo plazan bertan. Bertan izan ziren, proiektuaren arduradunez gain, Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburu Denis Itxaso eta Mugikortasun Jasangarri sailburu Susana Garcia Chueca. Deialdian Jon Insausti alkatea ere izatea aurreikusita bazegoen ere, ez joatea erabaki zuen.
Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburu Denis Itxasok jarduketaren hiri irismena nabarmendu du. Izan ere, Topoaren lurperatzeak libre utzitako espazioa eraldatzea eta hainbat hamarkadatan hiriko hainbat alde bereizi dituzten oztopo fisiko nagusietako bat gainditzea ahalbidetuko du. Adierazi zuenez, “Topoaren geltoki zaharraren ordez, Easo plazan nagusi izango den kiroldegi bat —igerilekuarekin— izan dezakeen erdialdeko auzo batekin zorrak kitatzeko aukera dugu aurrean”. Garcia Chuecak, berriz, Topoaren 4,2 kilometroko lurpeko pasagunearen eta lurpeko hiru geltokiren erremate arkitektonikoetan eta instalazioetan lan egiten ari direla azaldu zuen. Haiei esker, 21.000 metro koadroko lurzorua libratu ahal izango da, bertan bizitegi eraikinak eta espazio publikoak eraikitzeko. Bestalde, Euskotreneko makinistekin prestakuntzak hasi aurreko probak erritmo onean egiten ari direla adierazi zuen, Topo berria Gabonen aurretik abian jartzeko.
Aurkezpena egin eta ordu batzuetara, Donostiako Udalak adierazi zuen ez dutela proiektu irabazlearen berri izan “ofizialki” eta zehaztu zuen “udal gobernuari dagokiola trenbidea desagertzean inguru hori nolakoa izango den erabakitzea”.

