Zinemaldi baten bitakora | Lehen alea
Atzokoan zirudien denborarik ez zela igaro iazko irailaren eta aurtengoaren artean. Zirudien uda eta udazken arteko definizio handirik gabeko garai bien artean —kazkabarra tupustean, bero zapa bat-batean— fokurik gabeko gure existentzia ezabatu egin zela azken hilabeteotan. Pantailetatik at gertatzen den hori da bizitza, lagun, baina Donostiako Zinemaldia ekitean, pantailak proiektatzen duena zaigu errealitate. Ziklikotik ugari du Zinemaldiak. Betiko lez, baina ez betiko maneran. Urtero dakar edizio berri bakoitzak bere uztatik. Iazkoan espektazio nabarmena sortu zuten produkzio zenbaitek; izan Urrezko Maskorra eskuratu zuen Los domingos filmak, moriartitarren Maspalomas-ek edota Angelina Jolieren euripeko alfonbra bueltak. Errutina irailean berreskuratu berriak apur bat gelditzeko parada eskainiko digun aste berri honek ere badakartza, ziur, proposamen kitzikagarri eta sorkuntza mamitsuak. Iaz egin gisan, aurtengoan ere idatziko dut Kursaala egunotan den transatlantiko honetatik, bitakora partikular bat. Entzuniko melodien partitura desegituratu eta libre antzean eraikitako bat. Dastagarri, leitu nahi duenarentzat.
Euri jasarekin ireki zen atzokoan festibala. Ezkontzetan augurio onen erakarlea omen da uraren presentzia espero gabekoa. Jaialdiak hartuko duen bidearen seinalea ote? Kontuak kontu, goizean lehen paseetan sumatu ohi den irrika horretaz gozatu ezinda, arratsalde partean hurbildu nintzen egunotan zinema munduak epizentro duen Donostiara. Lehen pelikula, Antzoki Zaharrean, eta zuri-beltzean gainera. Mutua izan zedin eskatuko nukeen, Lumiere anaien garai primitibo haietara salto egin ahal izateko. Kasu honetan, Cannesen zuzendari onenaren saria jaso berri duen Paweł Pawlikowski poloniarraren pelikula berria ikusi ahal izan nuen: Fatherland. Edana da zuzendari hau arrakastaren iturrietatik, 2013an bere Ida pelikula sarituarekin Oscarra lortu baitzuen. Oraingo honetan, Thomas Mann Nobeldunaren bizitzaren pasarte esanguratsu bat narratu ei digu. Mannek, alemaniarra izatez, bere herritik Suitzara alde egin zuen 1933an, Adolf Hitlerren buruzagitzak herriari ekarriko zionaz beldur zela. 82 minutu eskasean, gai benetan mardulen kaieran dihardu filmak. Sortzaile handienen lanarekin politikagintzak eta buruzagi zenbait izaniko jarrera du ardatz: apropiazio ideologikoa ugaritan –Mannek dio filmean ironiaz, hilik den Hitlerren ondoren, bera dela Wagner zale sutsuena— edota arbuiatze erabatekoa beste hainbatetan. Mann, bere talaia intelektuala probestu nahian, Frankfurt eta Weimarren ikusten dugu, gerra osteko bi Alemanien hiri bitan. Berak amets du bere hitza probestuz, Alemania berri bat jostea, bere figuraren erabilera partidista bi aldeek berdinki egiten dutela ohartarazten dion bitartean Erika alabak.
82 minutu eskasean, gai benetan mardulen kaieran dihardu filmak. Sortzaile handienen lanarekin politikagintzak eta buruzagi zenbait izaniko jarrera du ardatz
Hortxe filmaren bigarren geruza intimoagoa. Afera sozial nahiz politikoari, familiaren disfuntzionalitatea gehitzen baitzaio hemen. Handienak beraien ofizioan, baina aita lanetan ahul eta kapazitate bakoak. Mannen semeak bere buruaz beste egiten duenean, fantasma afektibo horiek ageri zaizkio bere heimat –sorterria alemanieraz— maitea topatu nahian dabilen intelektualari. “Nik etxera joan nahi dut. Baina, non dago hori?”. Pertenentzia zentzuaz, utopikoa izan daitekeen herriaren ideiaz. Horretaz iradoki egiten ditu gauzak Pawlikowskik, enuntziazio erabatekora iritsi gabe. Zentzu zinematografiko erabatekoa duten irudi ederrek eta Sandra Hullerren espresio hotz bezain zorrotzak pelikularen momenturik gorenenak eskaintzen dizkigute, amaierako Johann Sebastian Bachen BWV 147 kantata ezagunak itxiera sentikorra eskaintzen diolarik zintari. Bach, beti Bach.
Behin aurtengo jaialdiari inaugurazio zinta erditik moztuta, Kursaaleko zubia igaro nuen beste behin. Bazirudien atzo nintzela Marisa Paredesen argazkiari so, aurtengo Ricardo Darinen begi parea begitandu nuenean. Zinemaren beste tempo hori, hipnotikoa edo. Moneoren kubo txikian nuen zain eguneko bigarren proposamena. Costa Ricako film bat, alajaina; lehendik ere Horizontes Latinos sailean garaile izandako Valentin Maurelen berriena: Siempre soy tu animal materno. Kale Nagusikoa gai itxuraz mardulez ari bazitzaigun, hemen Maurelek pertsonaien gainean eraikitzen du karta dorrea. Hemen ere familia disfuntzional bat, zeinetan Elsa alabaren itzulerak eztanda moduko bat eragiten duen. Elsak Belgikan ikasi du eta bere jaioterrira itzultzen denean, triskantza erabatekoa aurkitzen du. Amalia ahizpa, oskol gogorduna baina benetan ahula, unibertsitatea utzita da. Ama, bere bizitza profesionalean zentratuta dago, alabentzat astirik hartu gabe; eta aita, bere bizitza sentimental pobrea makillatu nahian dabil. Goia jotzen du Maurelen zintak, konbertsaziorik delikatuenak azaleratzen dituenean. Isiltasun luzaroan gordeak hausteko baliatutako momentu garratz horietan. Bi ahizpen artekoa interesgarriagoa egin zitzaidan, ama eta aitaren gatazkena baino. Zintak berak ere ustez desberdinak diren, baina berdinki galduta dabiltzan bi ahizpen horretara egiten du tira, azkenean. Bidea topatzea, horixe heina.
Goia jotzen du Maurelen zintak, konbertsaziorik delikatuenak azaleratzen dituenean. Isiltasun luzaroan gordeak hausteko baliatutako momentu garratz horietan.
Lehen eguna ixteko, lagun zahar bat: Albert Serra. Zezen munduan zentratutako Tardes de soledad titanikoaren ostean, beti elokuentzia eta probokazioa ahoan dituen zinemagile kataluniarrak Seize momentos de ma vie aurkeztu zigun. Pelikula adina interesgarriak izan ziren bere hitz-hartzeak. Mingain zorrotza du Serrak, eta jakitun da ikuslegoa ere zain izaten duela bere ateraldiak entzuteko. Artista handia da, hori ezin duda. Oraingoan, bere lagun abeslari Ingrid Cavenen kontzertu bat filmatu du. Hasi eta buka. Tranparik gabe, soinuaren eta irudiaren zaintza bermatuz. Molforts musika taldea altzoan duelarik, Caven ausart, performatiko eta matizez bete bat ikusten dugu. Yves Saint Laurentek berari diseinatutako jantzia soinean, Marlene Dietrichen gisara dihardu kantuan, errezitatzen, trobadore bat bailitzan. Poesia sonoroa, bisuala. Serraren indarra.
Martxan da barkua.

