Giza eskubideen urraketa larriak «zuritzen» dituztenei espaziorik ez emateko eskatu diote Zinemaldiari
BDZ plataformak deituta, manifestazioa egin dute Donostian hamarnaka herritarrek, Dana Blankstein Cohen zinemagile israeldarra Zinemaldiko epaimahaian egon izana salatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko.
BDZren manifestazioa, Zinemaldian.Beñat Parra Zinemaldia hasi aurretik, Dana Blankstein Cohen Jerusalemgo Sam Spiegel Zinema Eskolako zuzendaria epaimahaitik kanporatzeko exijitu zion jaialdiari Israelgo Estatu sionistaren aurkako boikota, desinbertsioa eta zigorrak aldarrikatzen dituen BDZ plataformak, eta Cohen Zinemaldian egon izana manifestazioa egin dute larunbat arratsaldean Donostian. Zinemaldiaren azken egunaren testuinguruan, Saguesetik Bulebarrera egin dute mobilizazioa, hamarnaka herritarren parte hartzearekin, Zuriketarik ez, normalizaziorik ez, Palestina libre lelopean.
Manifestazio osoan zehar, Cohenen aurkako aldarrikapenak oihukatu dituzte manifestariek, baita Israelgo Estatua Palestinaren aurka gauzatzen ari den genozidioaren aurkakoak ere. Bukaerako irakurketan, “kontraesanak” eta “konplizitatea” egotzi dizkiote Zinemaldiari, publikoki genozidioa salatzen duten bitartean, eta Cohenen eta Sam Spiegelen moduko pertsona eta erakunde israeldarrekin harremana mantentzeagatik.
Horrela, bi eskaera zehatz egin dizkio BDZk Zinemaldiari. Alde batetik, “apartheidaren, okupazioaren eta genozidioaren erakunde konplizeei plataformarik ez” emateko eskatu dio jaialdiari, izan ere, Israelgo ministerioek eta Jerusalemgo Udalak finantzatutako erakundea da Sam Spiegel eskola. Bestetik, “programazio eta babesle politika etiko bat” har dezala galdegin dio BDZk Zinemaldiari, “espaziorik ez emateko giza eskubideen urraketa larriak zuritzen dituztenei”.
“Gu ere Naza gara”
Palestinaren aldeko beste mobilizazio jendetsu bat egin zuten ostiral iluntzean, Zinemaldiaren testuinguruan. Cinema With Palestine plataformak deituta, elkarretaratze jendetsua egin zuten Kursaaleko alfonbra gorrian, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariaren eta zenbait zinemagile eta aktore ezagunen parte hartzearekin.
We are Naza Too manifestua aurkeztu zuten, horren bidez, salatuz genozidioak Gazan jarraitzen duela eta Israelek Veneziako zinema jaialdian saritutako eta Donostiako Zinemaldian proiektatutako Naza dokumentalaren zuzendarien aurka antolatutako jazarpen kanpaina.
Jarraian, BDZren gaurko manifestazioko argazkiak ikus ditzakezue:


