Xabier Marrero izango da Ahal Duguren Donostiako hautagaitzaren burua
Xabier Marrero, artxiboko irudi batean.Xabier Marrero Ahal Dugu Euskadi alderdi politikoak ezagutzera eman ditu Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 2027ko foru eta udal hauteskundeetara begirako banakako hautagaitzak, hilaren 7an abiatutako primarioen prozesuaren barruan; urriaren 13an bukatuko da hautaketa prozesu hori.
Donostiaren kasuan, Xabier Marrerorena izan da alderdiaren prozesuaren barruan beharrezko abalak lortu dituen hautagaitza, eta, beraz, ezustekorik ezean, bera izango da Ahal Duguren Donostiako alkategaia.
Bestalde, hauek izango dira foru eta hiriburuetako udal hauteskundeetarako hautagaiak: Miren Etxebeste (Gipuzkoa), David Rodriguez (Araba), Richar Vaquero (Bizkaia), Garbiñe Ruiz (Gasteiz) eta Rakel Asensio (Bilbo).
M-15arekin hasi zen
Ahal Duguk azaldu duenez, Marrerok “51 urte ditu, euskalduna da jaiotzez eta PL4 hizkuntza eskakizuna du bai euskaraz, bai ingelesez. Ikasketengatik eta lanagatik Ondarroa, Londres, Los Angeles, Madril eta Gasteiz artean bizi izan da, eta gaur egun Gasteiz eta Donostia artean banatzen du bere bizitza”. “Bere konpromiso politikoa M-15arekin eta Democracia Real Ya-rekin hasi zen”, gaineratu du alderdiak.
Marrerok ez du inoiz hautetsitako kargu publikorik izan, baina 2020tik 2024ra Podemosen aholkulari politikoa izan zen Eusko Legebiltzarrean, ingurumenaren eta industriaren arloetan. “Gaur egun, Autonomia Erkidegoko Herritarren Kontseiluko (CCA) kidea eta Podemos Euskadiko Ingurumen idazkaria da, URAn duen lanarekin uztartuz”, azaldu du alderdiak.

