«Askapen prozesua egoera berrietan murgiltzeko baldintzak ereiteko» garaia dela aldarrikatu du Sortuk
Trinitate plazan egin zuen Sortuk Gudari Eguneko ekitaldia.Sortu Donostia 51 urte bete ziren atzo, hilaren 27an, erregimen frankistak Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi ETApm-ko militanteak hil zituenetik, eta urteurren horren bueltan, Gudari Eguna antolatu izan du hamarkadotan ezker abertzaleak. Aurten, Sortu alderdiak ekitaldiak antolatu ditu Euskal Herriko 50 herritan baino gehiagotan, tartean, Donostian.
Parte Zaharreko Trinitate plazan egin zuten ekitaldia, Loturak askatzera! lelopean eta “400 lagun inguru” bildu ziren ekitaldian, antolatzaileen arabera. Askapen prozesua “une erabakigarri batean” dagoela azaldu zuen Sortuk ekitaldian, “1978ko erregimenean lotuta gelditu ziren korapiloak askatzeko aukerak” daudela nabarmenduz: “Euskal Herrian potentzial politiko izugarria daukan fase politikoa zabaltzea lortu dugu. Eta orain askapen prozesuan egoera berrietan murgiltzeko baldintzak ereitea dagokigu”.
Irailaren 27a “oroimen eguna” dela adierazi zuten Sortukoek, baita gaineratu ere “askapen borrokan berresteko eta etorkizunera begiratzeko eguna” ere badela: “Urtero, oroimenez eta aldarrikapenez bete eta harrotasunez bizi dugu egun hau. Eta, arian-arian, nazio askapen mugimenduaren eguna bilakatzen ari da”. “Euskal Herriaren alde borrokan ari zen, ari den eta haren askatasuna lortu arte borrokan ariko den komunitatea izateak batzen gaitu irailaren 27an. Nazio askapen mugimendua zerbait bada borroka komunitate bat delako”, gaineratu zuten Sortuko kideek.

