Hamabigarrenez antolatu dute 'Hamaika entzuteko!' irrati piezen lehiaketa
Donostia Kultura Irratia.Donostia Kultura Donostia Kultura Irratiak irrati pieza labur eta originalen ekoizpena zein hedapena bultzatzeko asmoari eusten dio. Horrela, XII. Hamaika entzuteko! irrati piezen lehiaketa antolatu dute, eta dagoeneko izena eman daiteke.
Parte hartzaileek gehienez bost minutuko piezak aurkeztu ahal izango dituzte, gaztelaniaz edo euskaraz. Gaia guztiz askea da eta edozein motatako pieza izan daiteke: irrati fikzioa, irrati kazetaritza, erreportajea, dibulgazioa… Aurkeztutako lanaren originaltasuna, sormena eta interesa izango ditu kontuan epaimahaiak. Donostia Kultura Irratiak parte hartzaileen zerbitzura jarriko ditu bere estudioak eta baliabideak, eta aurkezteko, irrati pieza bertan grabatzeko eta editatzeko aukera eskaintzen du, nahi izanez gero.
Bi sari banatuko dituzte, beste behin ere: irrati pieza onenaren saria —800 euro—, eta euskarazko irrati pieza onenaren saria —600 euro—. Azaroaren 18ra arte dago piezak bidaltzeko aukera, dkirratia@donostia.eus helbidean.

