Ikasturte berrirako izen ematea abian du Trebeskak
Trebeska dantza taldearen emanaldi bat.Aratz Garcia Egiako Trebeska Dantza Taldeak mende erdia bete du aurten, aurrera jarraitzeko gogoz. Hala, ospakizunak atzean utzi eta ikasturte berrian murgilduta dabiltza kideak. Oraina eta etorkizuna ziurtatzen hasteko, izen ematea zabalik dute gazte taldeak eta plaza dantza ikastaroek. Lehena, 12 eta 16 urte bitartekoei zuzendua dago eta entseguak ostiraletan egiten dituzte, 15:30etatik 16:30era. Bigarrenean, berriz, hiru talde dituzte. Astelehenetan aritzen dira denak, ordubetez: 18:00etatik 19:00etara, 19:00etatik 20:00etara (hasiberriak) eta 20:00etatik 21:00etara.
Horrez gain, Trebeska Dantza Taldeak ere ekin dio entseguei eta bertan parte hartu nahi dutenei probatzeko aukera eman nahi die. Hala, Euskal Herriko dantzak ikasteko gogoa duten guztiak gonbidatu nahi dituzte asteazken honetan, hilak 30, eta hurrengoan, urriak 7, 19:30ean egingo dituzten saioetara; dantza pare bat ikasi, taldearen dinamika ikusi eta elkar ezagutzeko.
Entsegu guztiak Blas de Otero plazako lokalean aurrera eramaten dituzte.

