La Cumbreren lagapeneko «atzerapen onartezina» salatu dute
Donostiako Aiete auzoan dago La Cumbre jauregia.Joseba Parron San Sebastian Aieteko La Cumbre jauregia memoria gune bihurtzeko lantaldeak agerraldia egin zuen joan den ostiralean (hilak 25), gunea “oroimen zentro bihurtzeko eta horretarako lagatzeko prozesuan dagoen atzerapen onartezina” salatzeko. Eragile hauek osatzen dute lantaldea: Aranzadi Zientzia Elkartea, Argituz Elkartea, Mikel Zabalza Herri Ekimena, Berridatzi Elkartea, Lasa eta Zabala familiak eta Egiari Zor Fundazioa.
Hain zuzen ere, urrian, lau urte beteko dira Espainiako Memoria Demokratikoaren Legeak Aieteko jauregi ezaguna udalaren esku gelditzea eta bertan memoria gune bat sortzea jaso zuenetik, Espainiako Gobernuak EH Bildurekin hala adostuta. Akordioaren arabera, urtebeteko epean pasatu behar zen La Cumbre Donostiako Udalaren eskuetara, hau da, 2023ko urrirako.
Agerikoa den moduan, epeak ez dira bete, eta horrekin “haserre” agertu zen lantaldea, ostiraleko agerraldian: “Gure haserrea eta etsipena sakon-sakon adierazi nahi ditugu. Honek, herrialde proiektua izan behar du. Lehen aldiz, herrialde honetan, estatuaren indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktima guztien erreparaziorako memoria zentro bat sortzera bideratutako proiektua da. Hala ere, borondate politikorik ezak eta erakundeen jardunik ezak, ekimen hau porrotera bideratzen ari dira”.
Proiektua, mahai gainean
Lantalde horrek proiektu zehatz eta xehatu bat aurkeztu zuen jendaurrean 2024an, La Cumbre “dibulgaziorako, memoriarako eta estatuaren biktimak aitortzeko zein haien erreparaziorako espazio bihurtzeko”. Aldiz, lagapenak geldirik jarraitzen duela salatu zuten joan den ostiralean: “Ez gaude atzerapen puntual baten aurrean, ezta erakunde bakar bati egotz dakiokeen atzerapen baten aurrean ere. Legea onartu zen unetik bertatik, atzerapen jarraitua, luzea eta sistematikoa izan dugu aurrean. Denbora horretan guztian, inplikatutako erakundeek —Espainiako Gobernuak, Euskadiko Gobernuaren Ordezkaritzak, Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzak eta Donostiako Udalak— behin eta berriz urratu dituzte legezko epeak. Lagapena duela ia hiru urte formalizatu behar zen”.
Gaineratu zutenez, lantaldeak, sortu zenetik, “elkarrizketa eraikitzailea” eduki du dugu Eusko Jaurlaritzarekin eta Donostiako alkateekin —Eneko Goiarekin lehenik eta Jon Insaustirekin ondoren–: “Une oro helarazi digute proiektuarekiko konpromisoa. La Cumbre, herrialde proiektua izan zedin egin dugu lan, adostasun politiko eta instituzional zabala izan zezan […]. Baina adostasun politikoa ez da aurrerapen bihurtu, legearen alde bozkatu zuten arren, legea betearazteko beharrezkoa egin ez duten erakunde batzuen borondate politikorik ezaren ondorioz”.
Ildo horretatik, salatu zutenez, ekainean, “2026ko otsailean datatutako dokumentu baten berri” izan zuen lantaldeak, “udalaz bestelako bideetatik”: “Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak, Donostiako Udalari bidalitako dokumentu horretan, lagapen prozeduran aurrera egiteko zenbait dokumentazio eskatzen zen. Gure harridura izugarria izan da jakitean lau hilabete baino gehiagoz ez zitzaiela eskaera horren berri eman ez udalbatza osatzen duten taldeei, ezta lantalde honi ere, nahiz eta espresuki konpromisoa hartu ziguten edozein berritasunen berri emateko”. Joan den uztailean egindako udal osoko bilkuran argi geratu zen otsailean egindako eskaera hura oraindik ez zela bete”.
“Utzikeria lotsagarria”
Horrela, hauteskundeak ate joka daudela kontuan hartuta, “argi” adierazi zuten “proiektu honen porrota” ezin zaiela “etorkizunean gerta litezkeen aldaketa politikoei egotzi”: “Gaur egun gobernatzen dutenen utzikeria lotsagarriaren ondorioa da, indarrean dagoen legea betetzeko dituzten betebeharrak ez baitituzte ezarritako epeetan eta moduan bete”. Ildo beretik, “erantzuleak ez dira ez daudenak izango, baizik eta, legea betearazteko ardura izanik, jardunik eza, atzerapen burokratikoa eta prozesu baten blokeoa aukeratu dituztenak. Prozesu hori lehentasunezkoa izan beharko litzateke bere burua demokraziatzat duen edozein sistemarentzat”, gehitu zuten.
Horregatik guztiagatik, Espainiako Gobernuari, Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Ordezkaritzari, Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzari eta Donostiako
Udalari eskatu zieten “erehala bizkortu ditzatela zain dauden izapide guztiak, La Cumbre jauregiaren lagapena, atzerapen gehiagorik gabe, gauza dadin”: “Erakunde guztiei dei egiten diegu jardunik eza eta gardentasun falta alde batera utz ditzaten, eta behingoz, beren gain har dezaten legea betetzeko duten erantzukizuna. Horrela soilik izango da posible, espazio honi merezi dituen edukiak ematea, legeak eta herrialde honen memoria demokratikoak eskatzen dutena bihurtuz: estatuaren indarkeriaren biktimentzako duintasun, aitorpen eta erreparazio lekua. Azken batean, memoria leku bat”.

