Sara Alonsok hunkituta irabazi du Gorbeia Suzien lasterketa
Oihana Zubillaga, Denise Dragomir, Sara Alonso, Natalie Beadle eta Alice Bausseron —ezkerretik eskuinera—, helmugan.Antton Martinez Guaresti Garaipena, errekorra eta omenaldi sentitua. Sara Alonso korrikalari donostiarrak Gorbeia Suzien Skyrace lasterketa —32 km eta 2.400 m+— irabazi zuen larunbatean. Pasa den astean zendu zen Ida Amelie Robsahm lasterkari, taldekide eta lagunari eskaini zion. Horrela, Alonsok zituen hiru helburuak bete zituen; proba irabaztea, errekorra ezartzea eta laguna omentzea.
Hain zuzen ere, donostiarrak berehala hartu zuen aurrea lasterketan, eta iaz Lide Urrestarazuk lorturiko denbora (3.34.16) nabarmen hobetu zuen (3:21:27). Denisa Dragomir izan zen bigarren (3:34:44), Natalie Beadle hirugarren (3:36:16), Oihane Zubillaga laugarren (3.41.11) eta Alice Bausseron bosgarren (3.43.30).
Alonsok lasterketa bukatzean egindako adierazpenak jaso zituen Berria egunkariak: “Oso lasterketa garrantzitsua zen niretzat. Lehen metrotik nahi nuen azkar korri egin, errekorra nahi nuen, eta lortu dut. Garaipena Idarentzako omenaldi bat izan da. Espero dut errekor honek asko irautea eta harentzat izatea”.

