Tokiko Enplegu eta Garapen Plana martxan jarri du udalak
EKINN Summit topaketa.Donostia Sustapena Donostiako Udalak 2026-2030eko Tokiko Enplegu eta Garapen Plana garatzeko lehen neurriak jarri ditu martxan. Besteak beste, Tokiko Enpleguko eta Gizarteratzeko Eragileen Sarea sortu du, enpleguaren eta gizarteratzearen arloan lan egiten duten erakundeak koordinatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Elkarrekin Lanean programaren barruan garatuko da sarea, eta laneratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonen beharrei erantzutea du helburu.
Lehen deialdietako batek 300.000 euro izango ditu, enplegu eta gizarteratze proiektu traktoreak finantzatzeko. Lanbidek eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak batera finantzatuko dute, eta gutxienez bi erakunderen arteko lankidetza eskatuko du. Prestakuntza erakundeek, hirugarren sektoreko elkarteek, enplegu eta orientazio agentziek eta sektoreetako elkarteek parte hartu ahal izango dute, besteak beste. Proiektuek Donostiako ekonomian gizarteratzea, enplegagarritasuna eta laneratzea hobetzera bideratuta egon beharko dute, bereziki merkataritzan eta ostalaritzan.
Era berean, 300.000 euroko laguntza lerroa jarriko da martxan 2026an Donostian sortutako enpresa berrientzat. Laguntzek aholkularitza eta prestakuntza jasotzen duen ekintzailetza ibilbidea osatzen dute, eta gehienez 10.000 euro jaso ahal izango dituzte kalera ematen duen merkataritza lokala duten enpresek, eta 5.000 euro lokalik ez dutenek. Enpresek Donostian izan beharko dute zerga egoitza eta gutxienez Gizarte Segurantzako alta berri bat sortu eta lehen urtean mantendu beharko dute. Urtea amaitu aurretik, gainera, 225.000 euroko kontratazio laguntzak aktibatuko direla iragarri dute.
Planaren prestaketa herritarrekin, enpresekin eta prestakuntza eta gizarte ekonomiako eragileekin egindako partaidetza prozesu baten bidez egin da. Enpleguan sartzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboak lehenesteaz gain, gazteen talentua eta ekintzailetza ere jasotzen ditu planak. Guztira, 825.000 euro bideratuko dira urte amaierara arte enplegua, ekintzailetza eta kontratazioa sustatzeko neurrietara.

