Etxebizitzaren negozioaren aurka mobilizatzera deitu Saretxek, Bulebarrean
Saretxe etxebizitza sindikatuaren elkarretaratzea, Grosen.Saretxe Saretxek eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak mobilizazioak deitu dituzte gaurko, hilak 29, asteartea, 19:00etan. Deialdiak Hego Euskal Herriko lau hiriburuak hartuko ditu, eta, Donostiaren kasuan, Bulebarrean izango da hitzordua. Antolakuntza gure berme bakarra. Etxebizitza negozioaren aurka antolatu! lelopean, langileriari dei egin diote etxebizitzaren negozioaren aurrean antolatu eta Euskal Herriko etxebizitza mugimendua gorpuzteko.
Mobilizazio hauen testuinguru zuzena Espainiako Gobernuak gaur onartuko duen etxebizitza dekretua da. Antolatzaileek adierazi dutenez, Mari Carmenen —pasa den astean Madrilen etxegabetu duten 87 urteko emakumea— etxegabetzeak Espainia mailan sortutako arreta mediatikoak inflexio puntu bat ezarri du, hilabetez alboratuta zegoen araudiarekiko. Hala ere, sindikatuek gogor salatu dute onartuko den dekretua langile klasearen benetako behar eta eskaeretatik “oso urrun” egongo dela.
Egoera horren aurrean, langile klasearen eskubideak defendatzeko berme bakarra antolakuntza eta kaleko mobilizazioa dela azpimarratu dute.

