‘Gaza: Doctors Under Attack’ dokumentala emango du EHUk, Euskal Herrian lehen aldiz
BAFTA 2026 saria jaso duen dokumentala irailaren 30ean proiektatuko dute EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. Emanaldiaren ostean, Ben de Pear ekoizleak solasaldia egingo du publikoarekin.
'Gaza: doctors under attack' filma. Gaza: Doctors Under Attack dokumentala Euskal Herrian lehen aldiz ikusi ahal izango da asteazkenean, irailaren 30ean, Donostian. Emanaldia 11:00etan izango da, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko gradu aretoan.
2026ko BAFTA saria irabazi duen lanak Gazako ospitaleetako mediku eta osasun langileen egunerokoa jasotzen du, ospitale barruan grabatutako irudien bidez. Dokumentalean, besteak beste, baliabide mugatuekin egindako ebakuntzak eta erasotako edo suntsitutako osasun zentroetako egoera erakusten dira. BBCk enkargatu zuen dokumentala, baina ez emititzea erabaki zuen. Ondoren, Channel 4 kate britainiarrak eman zuen 2025eko uztailean.
Filmeko irudietako asko Jaber Badwan eta Osama Al Ashi kazetari gazatarrek grabatu zituzten. Emanaldiaren ondoren, 12:00etan, Ben de Pear ekoizleak solasaldia egingo du ikusleekin. Filma egiteko prozesuaz, Gazan grabatzeko zailtasunez eta dokumentalaren ibilbideaz hitz egingo du, BBCk ez emititzeko erabakia hartu zuenetik BAFTA saria jaso zuen arte.
Ekitaldia EHUgunek eta EHUkulturak antolatu dute, Gernika-Palestina herri ekimenarekin elkarlanean. EHUren arabera, jarduera unibertsitateak Palestinako herriarekin eta giza eskubideekin duen konpromisoaren barruan kokatzen da.
Antolatzaileek ohartarazi dute dokumentalak orudi oso gogorrak dituela, eta ikusleen sentikortasuna mindu dezaketen eszenak agertzen direla. Emanaldirako sarrera doakoa eta irekia izango da, eserlekuak bete arte.

