Pertsona bat atxilotu dute saltoki bateko bi langile jo eta irain arrazistak esateagatik
Ertzaintzak 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, Amarako saltoki bateko bi langile jo eta haien jatorriari lotutako irain egiteagatik. Gertakaria arratsaldeko hiruak aldera gertatu zen. Ertzainek dei bat jaso zuten denda baten kanpoaldean hainbat pertsona eztabaidan ari zirela esanez. Bertaratu ziren agenteek bi aldeak banatu eta gertatutakoari buruzko informazioa bildu zuten.
Antza denez, atxilotua saltokira sartu zen produktu jakin bati buruz galdetzeko, eta hura ikustean, konforme ez zegoela esan zien langileei. Ondorioz, eztabaidan hasi ziren, dendatik irtenda. Bezeroa dendarietako bati oldartu zitzaion bizikleta batekin, besoan jo zuen, baita giltzarrapo batekin sabelean ere. Gainera, beste langilea buruan jo zuen giltzarrapo berarik. Eraso egiten zien bitartean, bi pertsona horien jatorriaren eta arrazaren kontrako irain hitzak esaten zituen.
Bi biktimak osasun zentro batean artatu behar izan zituzten jasandako lesioen ondorioz. Erasotzailea, berriz, atxilotu egin zuten lesio delituak eta ustezko gorroto motibazioagatik iraintzea leporatuta. Ertzain etxera eraman zuten beharrezko eginbideak betetzera eta horiek amaituta, goizean aske utzi dute, epailearen deiaren zain.

