Udalak 777.000 euro jasoko ditu otordu gehiago emateko
Udalak otorduak banatzen ditu. Artxiboko irudia.Donostiako Udala Bi hilabete igaro dira udalak Kaleko Afari Solidarioak taldearen jarduna debekatu zuenetik, eta ia hilabete eta erdi Jon Insausti alkateak udalak kale egoeran daudenentzako egunero ehun otordu gehiago banatuko zituela ziurtatu zutenetik. Orain Eusko Jaurlaritzak ere esku hartzea erabaki du, eta horretarako 777.000 euroko zuzeneko diru laguntza emango dio Donostiako Udalari. Horrela, beste 100 pertsona sartu ahal izango ditu udalak Otorduak programan.
Bizitegi Bazterketa Larriaren aurkako II. Euskal Estrategiaren (2024-2028) parte da neurria eta etxegabetasunaren prebentzioaren, babesen pertsonalizazioaren, parte-hartze komunitarioaren eta sistemen eta erakundeen arteko koordinazio handiagoaren aldeko apustua egiten du.
Eusko Jaurlaritzak adierazi du oinarrizko premia bati erantzuna ematea duela helburu eta funtsezko premisa batetik abiatzen dela: “inork ez luke kalean inprobisatutako irtenbide baten mende egon behar jan ahal izateko, oinarrizko beharra eta oinarrizko eskubidea”
Erantzuna gehigarria dela azpimarratu du jaurlaritzak, “osagarria, aldi baterakoa eta ebaluatzeko modukoa”. Bestetik honakoa azaldu du diru laguntzaren inguruan: “100 pertsona berri sartzeko erabiliko da, eta ez ditu finantzatuko lehendik dauden 65 plazak, ez eta teknikariak, udal-sistema informatikoa, eskaeren balorazioa, administrazio-kudeaketa edo programaren gainerako egiturazko kostuak ere”.

