5.000 korrikalari baino gehiago bilduko ditu igandean Donostiako Maratoi Erdiak
Donostiako maratoi erdia. Igande honetan izango da Rural Kutxa Donostiako Maratoi Erdiaren bosgarren aldia, eta 5.000 korrikalari baino gehiago —zehazki, 5.200 atleta daude izena emanda maratoi erdiko distantzia bakarrean— bilduko dira Donostiako kaleetan. Proba honek nazioarteko izaera nabarmena eta emakumeen presentzia handia izango ditu aurten: parte-hartzaileen %38a emakumezkoak dira, eta %55ak, 61 herrialde ordezkatuko ditu.
Lasterketaren aurkezpen ofizialean erakundeetako hainbat ordezkarik parte hartu dute; besteak beste, Jon Insausti Donostiako alkateak, Ane Oyarbide Gipuzkoako hiriburuko Berdintasun, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak, Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak, eta Goizane Alvarez Gipuzkoako Kulturako, Lankidetzako, Gazteriako eta Kiroletako foru diputatuak.
Ibilbidea eta elkartasuna
Lasterketak Bulebarrean izango ditu irteera zein helmuga, eta korrikalariek bi ordu eta erdiko gehieneko denbora izango dute proba osatzeko. Horretarako, erritmo ezberdinetako erbiak izango dituzte lagungarri, ordu eta hogei minututik hasi eta bi ordu eta erdira arte. Irabazleek ohiko txapelak jasoko dituzte, eta, horrez gain, garaikur bereziak banatuko dizkiete euskal atleta onenei. Ibilbidean gertatzen den guztia zuzenean jarraitu ahal izango da igandean bertan, 09:20tik aurrera, lasterketaren webgune ofizialaren bidez.
Kirol ikuskizunaz harago, probak elkartasunari ere egingo dio lekua. Izan ere, antolakuntzak 4.000 euro bildu ditu dortsal solidarioaren bidez, eta, Salto fundazioarekin elkarlanean, Aspargi irabazi asmorik gabeko elkarteari emango dio diru hori, parkinsona eta parkinsonismoa duten pertsonei zein haien senideei laguntzen jarrai dezan.

