Bosgarren Nazioarteko Tinatxo Estropada egingo dute larunbatean kaian
Bosgarrez egingo dute Tinatxo txapelketa.Joseba Parron San Sebastian Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Euskal Itsas Museoak Nazioarteko Tinatxo Estropada antolatu du bosgarrenez. Larunbatean, hilak 3, egingo dute, Donostiako kaiko arrapalatik abiatuta, 10:00etan. Han bertan, antolatzaileek tinatxoak —egurrezko upel erdibituak— eta arraunak antolatzaileek banatuko dituzte, eta 10:15ean ekingo diote lehiaketari. Parte hartzaileek 80 metroko estropada egin beharko dute tinatxoetan sartuta, arrapalatik Gurutze Gorriaren parean dagoen baliza bateraino. Han, ziaboga egin, eta arrapalara itzuliko dira. Estropada baliozkoa izateko joan-etorri osoan zehar, tinatxo barruan egon beharko dute.
Estropadaren helburua, antolatzaileen esanetan, “gure kostaldean galtzen ari den tradizio bat berreskuratzea da”; izan ere, garai batean gazteek kupel edo txalupa txikiak baliatuta estropadak egiten zituzten bai itsasoan baita ibaian ere, “giro alaian eta lehia dibertigarrian”.
Jardueran, 16 urtetik gorakoek parte har dezakete. Doakoa da, baina aurrez izena eman behar da museoaren webgunean. Txapelketarako irabazleak sari berezi bat jasoko du Joanes de Areizaga bandera, ustez, tina bat erabiltzen lehenengoetarikoa izan zen pertsonaren omenez sortua. Amaitzean, Kofradia Itsas Etxean mokadutxo bat egiteko aukera izango dute.
Euskal Itsas Museoak RCTSS, Navegavela, Motoras de la Isla, Donostiarra Kaiarriba, aloKAYAK eta Kofradia Itsas Etxearen laguntzarekin aurrera eramango du egitasmoa.

