Gizakia, txakurra eta biziraupenaren azken lotura
Filma: HEART OF THE BEAST
Zuzendaria: David Ayer
Urtea: 2026
Herrialdea: AEB
David Ayerrek –Fury, The Beekeeper– biziraupeneko thrillerra eta gerra ondorengo drama uztartu ditu, Donostiako Zinemalditik igaro ostean, jada zinema aretoetan ikusgai den Heart of the Beast filmean. Bere ohiko lurralde tematikoa arakatu du, beraz: gerraren zauriak, gizonezkoen arteko kidetasuna eta indarkeria. Oraingoan, ordea, gudu zelaia Alaskako basamortu izoztuagatik ordezkatu du, eta istorioaren erdigunean harreman berezi bat jarri du: James Belmont soldadu ohiaren eta Odin haren borroka txakurraren artekoa.
Jada jakingo duzue denok Brad Pitt dela istorioaren protagonista –baita filmaren ekoizlea ere–, erori egiten den mundu baten hondakinetatik bizirik atera nahian dabilen gizonaren azalean. Aireko istripu baten ondoren, bera eta Odin bakarrik geratuko dira naturaren erdian, zibilizaziora itzultzeko bide arriskutsu bati ekin beharrean. Premisa sinplea da, ia mendebaldeko klasiko baten modukoa: gizona, animalia eta natura etsai baten aurrean.
Hain zuzen, ingurunean eta bi protagonisten arteko loturan du filmak indargune nagusia. Hotzak, zauriek, nekeak eta bakardadeak etengabeko mehatxu bihurtzen dute Alaskako ingurunea, eta kamerak aurrez aurre jartzen ditu pertsonaien gorputz nekatuak eta paisaia zabalak, biziraupena muturreko esperientzia fisiko bilakatuz.
Ayerren asmoa, ordea, ez zen naturaren aurkako borrokari buruzko filma egitea. Gehiago da gerrak utzitako traumak eta galera sentimenduak albo batera utzi nahian bizi denaren bidaia erretratatzea. Horregatik, Odin, ez da bidelagun hutsa: Belmont bere iraganarekin lotzen duen azken haria da, eta aldi berean etorkizunera begiratzera behartzen duen ardura.
Finean, gerra, trauma, gizontasuna (ala gizonkeria?) eta naturaren basakeria alde batera utzita, Heart of the Beast bi izakiren arteko leialtasunari buruzko istorioa da. Film sendoa izateko borondatez aurkeztua, bai, baina irregularra oso. Maskulinitatea eta kiratsa militarista, borborka

