Hiru Hiriburuak txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte igandean Atano III.an
Iazko aurkezpeneko irudi bat. Hiru Hiriburuak Izenak dion moduan, Hiru Hiriburuak emakumezkoen esku pilota txapelketa Donostia, Bilbo eta Gasteizen jokatzen dute, hiru asteburutan. 80 pilotarik parte hartu zuten irailaren 20an Arabako hiriburuan aurrera eramandako kanporaketetan. Han sailkatutakoen bigarren geltokia Atano III.a izango da igandean, hilak 4.
Pilotalekuan jokatuko dituzte hiru kategorietako finalerdiak: elite, promesa eta gazte mailak. Txapelaren bila ariko dira, elite mailan, batetik, Ibarrola-Ozaeta eta Benito-Aldai, eta bestetik, Sagardui-Bergara eta Etxegarai-Capellan. Gazteen mailan, berriz, Ainere Aspiazu-Intza Agirre eta Laiene Sandia-Elene Goikoetxea, batetik, eta Intza Labaka-Izaro Aizpurua eta Eider Perez-Malen Gonzalez, bestetik. Azkenik, promesetan, Intza Arruti-Dunixe Alberto bikoteak Martinez I-Martinez II izango du aurrez aurre; eta Lur Egizabal-June Berasaluze bikoteak, aldiz, Arhane Rey-Nahia Sorondo. Partidetarako sarrera doakoa da.
Kirol eta Bizitza Osasungarri zinegotzi Iñaki Gabarainek hiria ekimen honen parte izatearen garrantzia nabarmendu du: “Hiru Hiriburuak ekimenak aukera ematen digu herritarrei gure kulturaren parte den diziplina bat gerturatzeko eta, aldi berean, ikusgarritasuna emateko pilotari askok kirol hau hazten jarraitzeko egiten ari diren lanari”. Horregatik, herritarrak animatu ditu Atano III.era joatera: “Jardunaldi bereziki erakargarria izango da, goi mailako partidez gozatzeaz gain emakumeen esku pilotaren oraina eta etorkizuna markatzen ari diren pilotari batzuk ezagutu ahal izango ditugulako”.
Hiru Hiriburuak txapelketa Donostia Kirolak antolatzen du, Bilbo eta Gasteizko udalekin batera, emakumezkoen esku pilotari bultzada emateko eta frontoiak emakumezkoen pilotaren erakusleiho bihurtzeko.

