Txoko jatetxeak pertsiana jaitsi du, 41 urteren ostean
Txoko jatetxea.TripAdvisor Donostiako ostalaritzak beste establezimendu erreferente bat galdu du. Parte Zaharreko Mari kaleko 12. zenbakian kokatutako Txoko jatetxeak pertsiana jaitsi du betiko, lau hamarkada baino gehiagoko etengabeko ibilbidearen ostean. Lokala joan den irailaren 20az geroztik dago itxita, eta aste honetan garbiketa eta hustuketa lanetan ari dira langileak.
1985ean ateak ireki zituenetik, Parte Zaharreko jatetxerik herrikoienetako bat izan da Txoko. Urte hauetan guztietan, kalitate prezio erlazio oneko sukaldaritza eskaintzearen aldeko apustua egin du, euskal gastronomia tradizionalean, arrainetan, itsaskietan eta, bereziki, arrozetan oinarrituta.
Eskaintza gastronomikoaz harago, kokapenak berak eman dio ospea establezimenduari. Urgull mendiaren magalean eta Kaiaren ondoan egonik, milaka mahaikidek gozatu dute goiko solairuko jangelak Kontxako badiara eskaintzen zuen ikuspegiaz.

