Beñat Gaztelumendiren garaipenarekin osatu da Bilintx Sariaren finaleko seikotea
Atzo jokatu zuten Bilintx Sariaren hirugarren finalerdia.Bilintxi Balantxa Ostiral honetan, hilak 9, jokatu da 2026ko Bilintx Sariaren hirugarren eta azken finalerdia Aieteko ACD elkartean. Afalondoan egindako saioan, Beñat Gaztelumendik lortu zituen puntu gehien, eta beraz, zuzenean sailkatu da hilaren 16an jokatuko den final handirako.
Sei bertsolari igo ziren oholtzara, eta antolakuntzak adierazi duenez, “giro ederra eta bertso maila txukuna” izan ziren nagusi. Gaztelumendik 241,5 puntu lortuta eskuratu zuen lehen postua; honela geratu zen saioaren sailkapena, postuz postu:
- Beñat Gaztelumendi – 241,5 puntu
- Miren Artetxe – 227,5 puntu
- Andoitz Urdapilleta – 205 puntu
- Ekain Tolaretxipi – 197 puntu
- Jon Altuna – 180 puntu
- Julen Olaizola – 152 puntu
Dena prest, finalerako
Atzoko emaitzekin, behin betiko itxita geratu da aurtengo aldiko finalisten zerrenda. Txapelaren bila arituko diren sei bertsolariak honako hauek izango dira: Unai Gaztelumendi, Oier Etxeberria, Egiar Otegi, Beñat Gaztelumendi, Manex Mujika eta Peru Aiartza. Gai jartzaile lanetan, berriz, Unai Elizasu arituko da.
Finala datorren ostiralean, hilak 16, jokatuko da, 19:00etan, San Telmo museoan. Finalerdietan ez bezala, azken saio hori bertso saio hutsa izango da, afaririk gabe. Sarrera guztiz doakoa izango da, aretoko edukiera bete arte.

