Gizon bat atxilotu dute Parte Zaharreko hotel bateko logela bat txikitzeagatik
Larunbat goizaldean Parte Zaharreko hotel batean gertatutako istilu baten ondorioz, gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, ostatu hartuta zegoen logelan kalte material handiak eragitea leporatuta.
Gertaerak goizeko laurak aldera hasi ziren. Inguruko geletako bezeroek zarata handiak entzun zituzten, eta goizean bertan hoteleko arduradunari jakinarazi zizkioten kexak. Arduraduna susmagarriaren logelara bertaratu zenean, hainbat kalte aurkitu zituen: dutxako manpara eta baldosak apurtuta zeuden, eta txorrota bat bere lekutik aterata zegoen. Txorrota erauzita egotearen ondorioz, ur hodi bat hautsi zen eta hotelaren azpian kokatutako lokal batek ur ihesak jasan zituen.
Patruila bat bertaratu zen tokira, eta, gertatutakoa baieztatu ostean, ustezko egilea atxilotu zuen. Ertzain etxera eraman zuten lehenik, eta, izapideak bete ondoren, epailearen esku utzi dute.

