Zaintzaz, elikaduraz eta energia burujabetzaz hausnartzeko egun bat
Yoga tailerra egin dute, besteak beste, jardunaldian.Joseba Parron San Sebastian Pasa den larunbatean, hilak 10, adin guztientzat pentsatutako Burujabe cha cha cha! Burua jan gabe, izan burujabe festa ospatu zuten Gladys Enea parkean, Saretuz elkarteak antolatuta.
Antolatzaileek urtero gai bati heltzen diote, eta urria herritarrei egindako lanketa plazaratzeko garaia izanik, aurtengoan burujabetzaren inguruan hausnartzeko topagunea sortu dute. Goizak hiru ardatz nagusi izan zituen oinarri: zaintza, elikadura eta energia. Funtsean, egunerokotasuneko galderei erantzutea bilatu zuten: zer egin dezakegu gure burua zaintzeko? Nola antolatu gaitezke bertako elikagaiak urte osoan jasotzeko? Ezinbestekoa al da energia enpresa handien esku uztea?
Egitarau oparoa
Giro ederrean, herritarrek euren erabakien jabe izateko eman ditzaketen pausoak ezagutzeko aukera izan zuten, egitarauari esker. Goiz osoan zehar hainbat jarduera eta haur zein helduentzako tailerrak eskaini zituzten, hala nola, yoga saio bat eta, horrekin batera, haurrentzako sukaldaritza agroekologikoko tailerra. Horrez gain, autozaintza, eskulan tailer irekia eta haziak landatzeko gunea ere izan ziren. Bestalde, La vida en peligro izeneko erakusketa ere ikusgai egon zen, Latinoamerikako meatzaritzak sortutako kalteak zein herri indigenek aurrera eramaten dituzten erresistentzia ekimenak eta proiektuak ezagutzera emateko.
Egitaraua borobiltzeko, IRUTXULOKO HITZAko kazetari Inaxio Esnaolak gidatutako mahai inguru bat egin zuten, burujabetzaren gaia sakontzeko. Elkargune horretan, hainbat egitasmok hartu zuten parte eta euren esperientziak partekatu zituzten; zehazki, Igeldoko Komunitate Energetikoak, adinekoak eta gazteak elkarrekin bizitzeko espazioa den Uliako Txirikordak, eta Donostialdeko ekoizpen sareko partaideek, besteak beste.
Hona hemen Joseba Parron San Sebastian argazkilariaren irudi batzuk:

