'Batuz trebatu' lelopean antolatu dute aurtengo liburutegien eguna
2023ko liburutegiaren eguna.Tabakalera Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak, Medialab Tabakalerak eta Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak 2026ko liburutegien eguna antolatu dute Batuz trebatu lelopean, elkarlanak daukan indarra eta eraginkortasuna erdigunera ekarri nahian. Urriaren 20tik 27ra luzatuko da ospakizuna eta liburu aurkezpenak, zine proiekzioak eta kontzertuak antolatu dituzte.
Aurreko urteetan liburutegietan sortzen diren harremanen garrantzia nabarmendu nahi izan duten arren, aurten “liburutegi eta liburuzainen artekoak bizitu eta sendotzeko estrategiak” landu nahi dituzte.
Aste horretako egun garrantzitsuena hilak 27a izango da. Tabakalerako I aretoan profesionalentzat antolatutako saioa egingo dute; bertan Ferran Burguillos Bartzelonako Goiza liburutegi sarearen gerentea eta Joao de Sousa Guerreiro liburuzain aditua arituko dira hizketan, beste batzuen artean.
Beste jarduera gehiago ere antolatu dituzte: hilak 20ean, asteartea, 19:00etan Luna Miguel idazlearekin solasaldia egingo dute, Liburutegi Nagusian (San Jeronimo kaleko aretoan). Hilak 24ean, larunbata, 12:00etan, Sergio Muñozen eta Michael Tagen mikrokontzertuak eskainiko dituzte Liburutegi Nagusian (Alderdi Eder) eta Okendo Kultur etxean. Azkenik, hilak 25ean, igandea, 19:00etan, zine proiekzioa antolatu dute Tabakaleran eta La estrategia del caracol (Sergio Cabrera, 1993) filma ikusteko aukera egongo da.

