Bi pertsona atxilotu dituzte immigrazio klandestinoa bultzatzea leporatuta
Ertzaintzaren kontrol bat, artxiboko irudi batean.Irekia Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen astelehenean herritar atzerritarren aurkako delitu bat leporatuta, immigrazio klandestinoa bultzatzeagatik. Atxilotuak ibilgailu batean zihoazen Donostiako saihesbidetik eta agiririk gabeko jatorri asiar eta magrebtarreko sei pertsona zeramatzaten.
Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateko agenteek auto bat geldiarazi zuten astelehen goizaldeko ordu bi eta erdiak aldera, GI-20 errepidean egiten ari ziren prebentziozko kontrol batean. Auto barruan agiririk ez zuten zortzi pertsona zeuden. Gidariak ezin izan zuen gidabaimena bazuela ziurtatu eta bide segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita atxilotu zuten. Gizarte salerosketa kasu baten aurrean egon zitezkeela susmatuta, Donostiako ertzain etxeko agenteak bertaratu ziren. Ibilgailua miatu zutenean, maleta baten barruan, arropaz gain 1.200 euro eta bertan ez zeuden bi gizonen izenean zeuden bi pasaporte aurkitu zituzten.
Ertzainek bidaiariak polizia etxera eraman zituzten, behar bezala identifikatu eta deklarazioa hartzeko. Egindako frogaketen ondorioz, arratsaldeko lehen orduan atxilotu zituzten autoaren gidaria eta kopilotua, herritar atzerritarren eskubideen aurkako ustezko delitu bat leporatuta. Eginbideak amaitu ondoren, atzo, epailearen esku utzi zituzten.

