Euskadi Literatura Sarien lehen irabazleak iragarri dituzte, Kike Ibañez donostiarra tartean dela
Kike Ibañez ilustratzaile donostiarrak etxean bertan jaso du aitortza, Ixiar Rozas lasartearrarekin eta Yolanda Arrieta bizkaitarrarekin batera.Eusko Jaurlaritza Tabakalera euskal letren eta irudimenaren topaleku bilakatu da gaur. Bertan jakinarazi eta aurkeztu dituzte 2026ko Euskadi Literatura Sarietako lehen hiru modalitateetako irabazleak: Kike Ibañez ilustratzaile donostiarrak etxean bertan jaso du aitortza, Ixiar Rozas lasartearrarekin eta Yolanda Arrieta bizkaitarrarekin batera.
Ilustrazio saria
Donostiak ordezkaritza zuzena izan du aurtengo lehen sari banaketan, Kike Ibañez ilustratzaile, artista bisual eta idazleari eman baitiote Literatura Lanaren Ilustrazioa saria, Abuenpaso argitaletxeak plazaratutako El diablo sobre ruedas lanagatik. Epaimahaiak donostiarraren lanaren kalitate artistiko eta narratibo “apartekoa” goraipatu du.
Egoera dramatiko batetik abiatuta, gatazkari suminduratik eta mendeku nahitik heltzen dio liburuak, eta Ibañezen ilustrazio ausartek testuaren mezua aberastu eta irakurketaren esperientzia emozionala indartzen dute.
Euskarazko literatura saria
Euskarazko Literatura saria Ixiar Rozas lasartearrak eskuratu du: Consonni argitaletxearekin argitaratutako Narrugorrik lanagatik saritu dute.
Gorputzaren eta naturaren arteko zentzumen esperientziak, soinuarekiko esperimentazioa eta hizkuntzaren dimentsio plastikoa uztartuz, ahozkotasunaren eta idazketaren arteko mugan proposamen berritzailea osatu du, euskal tradizioarekiko lotura galdu gabe.
Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria
Yolanda Arrietak bizkaitarrak borobildu du saridunen hirukotea, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria jaso baitu Denonartean argitaletxearekin plazaratutako Zurtz eleberriagatik.
Arrietak bere zentzu literaletik harago eraman du umezurtz sentitzearen inguruko galdera. Pertsonaien ikuspegi desberdinen bidez, hazkundeari, nortasunaren bilaketari eta desberdina izatearen sentimenduari buruzko begirada poliedrikoa eskaintzen du lanak, sentimentalismoan erori gabe.
Hurrengo sariak
Donostiako hitzordu honen ondoren, Euskadi Literatura Sariek Gasteizen izango dute hurrengo geltokia. Datorren asteazkenean, hilaren 21ean, Montehermoso kulturunean iragarriko dituzte palmaresa osatuko duten gainerako lau modalitateetako irabazleak: Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Literatura Itzulpena, Euskarazko Saiakera eta Gaztelaniazko Saiakera.

