Hobekuntzak «gobernu aldaketa batekin» etorriko direla esan du Izagirrek
Azken urtearen oso bestelako diagnostikoa egin du Juan Karlos Izagirre bozeramaileak, eta udal gobernuarekin kritiko agertu da.
Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramailearen hitzartzea, politika orokorreko osoko bilkuran.EH Bildu “Donostia dagoen bezala dago azkeneko urteetan utzi egin zaielako funts putreei, sektore ekonomiko eta interes espekulatibo zehatz batzuei nahi dutena egiten. Beraien interesaren arabera eraiki da Donostia eta ez donostiarron interesen arabera”, adierazi du Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramaileak, politika orokorreko osoko bilkuran.
Izagirreren hitzetan, “planteamendu hauekin inbertsio handien kapitala erakartzen jarraituko dugu Donostia etxebizitzan inbertitzeko produktu gisa ikusten dutenen artean. Eta ados al daude donostiarrak honekin?”.
EH Bilduk “azterketa sakona” eta epe labur, ertain eta luzerako plangintzak proposatu ditu, “helburu argiekin”: “hobeto, eroso, gustura biziko garen Donostia bat, donostiarren beharrei erantzungo dieten politikekin, Donostia etekin ekonomiko pertsonalik handiena ateratzeko aukera gisa besterik ikusten ez dutenak geldiaraziko dituena”. Ildo beretik, Izagirrek alkateari mezu hau zuzendu dio: “Izan ere, alkate jauna, funts putreei eta jabego handiei ez zaie exijitu behar, legeen, dekretuen eta beste araudi batzuen bidez geldiarazi behar dira, eta zuek, EAJk, automatikoki ezetz bozkatu duzue beti. Beraz, ez zarete sinesgarriak”.
Bozeramailearen arabera, “ez dute balio” gobernatzen jarraitzeko, “eta hiri eredu bera garatzen jarraitzeko helburu bakarrarekin plazaratzen diren aldarrikapen arranditsuek”. Kritiko agertu da jeltzaleekin: “Zer sinesgarritasun du EAJk espekulazioari eta funts handiei muga jartzeaz hitz egiten duenean, haiei guztiei alfonbra gorria jarri diena izan denean? Zer sinesgarritasun du EAJk, etxebizitza legeei ‘ez’ bozkatu dienak, eta Donostia tentsio handiko hiria izendatu nahi ez zuenak? Zer sinesgarritasun du EAJk orain etxebizitzaren arazoa konpontzeko neurriak dituela esaten duenean?”.
EH Bilduk hiriaren hirigintza eraldaketaren aldeko apustua egiten duela nabarmendu du Izagirrek, “kostaldearen ardatzean oinarritu dadin, masifikatuta baitago eta horri dagozkion arazoak baititu. Horrez gain, jada garatu behar diren beste bi ardatzetan oinarritu dadila nahi dugu: Urumeakoa eta GI-20koa”.
“Etxebizitza eskubidea da”
EH Bilduren proposamenak berriak direla esan du bozeramaileak, “ausartak eta egingarriak”. Iragarri duenez, epe motz-ertainean egin daitezke batzuk, beste batzuk orain planifikatzen hasi eta epe luzerako begiradakoak dira. 11.000 etxebizitza berri, denetara. “Noski, hauetatik gehienak babestuak beharko dute izan, eta alokairurako, beti ere prezioa bertan bizi direnen diru-sarreraren araberakoa”.
Baina 11.000 etxebizitza berri egiteko plangintza horrekin batera, eraikita dagoen hirian esku hartu behar dela defendatu du. “Eta borondatea badago, posible da”. Etxebizitza hutsak merkatura atera behar direla esan du: “Pisu turistikoak iraungitzearen aldeko apustua egin behar da; jarduera ekonomikoak dituzten pisuak bizitegi erabilerara bueltatzea sustatu behar da. Hiru neurri hauekin 3.800 etxebizitza arteko bizitegi erabilera berreskura genezake”.
Horiei etxebizitza babestuen kalifikazioa duten 4.400 etxebizitza berri gehitu behar zaizkiela esan du Izagirrek, “lehendik dauden eraikinetan obra edo biziberritze integralerako baimenak eskatzen direnean sor daitezkeenak, baldin eta eskatzen den obrarekin aurretiazko etxebizitza kopurua handitzen bada”.
“Turismoa gobernatu”
Turismo sektoreak gora egin duela gogoratu du Izagirrek. “Bai, baina zeinen truke?”, galdegin du. Hiri guztirako hartu beharreko neurrien alde agertu da: “Hotel gehiago ezin da baimendu, salbuespenik gabe; eta pisu turistikoen kopurua gutxitu behar da hauei iraungitzea aplikatuz. Ikerketa serioa egin behar dugu hiriak eta auzo bakoitzak ze karga ahalmena duen ezagutzeko; bertako auzotarrek errekuperatu dezaten galdutako bizi-kalitatea, zerbitzu eta ekipamendu publikoen gabezia, mugikortasuna eta espazioa publikoaren erabilera. Berriro ere protagonistak izan daitezen bere auzoan”.
Donostia kostaldea baino askoz gehiago dela adierazi du bozeramaileak. “Kostaldea turismoari saldu zaion bitartean, urtetan egindako politikek auzoen arteko desoreka handitu egin du, desoreka sozialak ere areagotuz. Gero eta zailagoa da, nahiz eta lana eduki, bizi kalitate duina mantentzea, eta etxebizitza utopia da askorentzat”.
Horrela, Donostiari bere osotasunean begiratzea proposatu du, jarduera ekonomikoak eta etxebizitza mota ezberdinak dibertsifikatzea, zerbitzu publikoen gabeziak dauden lekuetan hauek zuzentzea, mugikortasun aukerak hobetzea, eta komertzioa eta oinarrizko zerbitzuak bermatzea.
Politika egiteko moduak
Bukatzeko, Izagirrek auzoak eta auzoetako eragile eta elkarteak goraipatu ditu. Bere hitzetan, ondo antolatutako auzoak izatea, proposamen edo arazo baten inguruan sortutako plataformak, izaera ezberdinetako elkarteak izatea “tresna zoragarriak” dira hobeto gobernatu ahal izateko. Hartutako erabakietan guztiak inplikatzeak esan nahi du herritarrak zuzenean inplikatzen direla tokiko politikan, hartutako erabakiak norberarenak balira bezala sentitzen dituztela, eta, gauzak ondo eginez gero, atxikimenduak handitzea eta arbuioak murriztea lortzen dela.
“Urte hauetako balorazioa txarra da. Donostiak hartu duen norabidea donostiarren aurka doa. Aldatu beharra daukagu. Diskurtso antzuak eta marketin kanpainak alde batera utzi eta egin beharra dago, benetan, donostiarren alde. Sinesgarritasuna falta zaizue. Ekintzekin desitxuratu duzuena hitzekin konpondu nahi duzue, azkeneko unean, hauteskundeen atarian. Hori ez da politika zintzoa egitea, hori ez da herritarren bizitzak hobetzea”, adierazi du Izagirrek.
Donostiarrak “aldaketa gosez” daudela esan du bozeramaileak, eta gauzak “beste modu batera” egiten dituen gobernu bat nahi dutela: “Hobekuntzak gobernu aldaketa betekin etorriko dira, eta EH Bildu prest dago ardura hau hartu eta Donostia norabide egokian jartzeko”.

