Nagore Legarretak bi tailer emango ditu San Telmon, argazki liburu bildumari eskainitako programazioaren barruan
Nagore Legarreta argazkilaria, artxiboko irudi batean.Beñat Parra Argazki liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur, urriak 14, eta efemeride horrek markatuko du San Telmo Museoan STM-GCBC argazki liburu bildumari eskainikako programazioaren hasiera. Horren barruan, besteak beste, Nagore Legarreta artistak bi tailer gidatuko ditu, bata, gazteei bideratua, eta bestea, helduei. Bi jarduerak doakoak badira ere, interesa dutenek aurrez izena eman behar dute museoko webgunean.
Lehena, larunbat honetan, hilak 17, gauzatuko duten bi orduko zianotipia tailerra da, 11:00etatik 13:00etara. Legarretak argazki teknika historiko horretara hurbilduko ditu 14-18 urte arteko parte hartzaileak, eta haren aukerak aurkeztuko dizkie ikuspegi praktiko eta sortzaile batetik, Anna Atkins britainiarra eredu hartuta. Bera izan zen lehen argazki liburuaren egilea: British algae (1843).
Azaroaren 14an, berriz, Argazki kamera sortu pospolo kutxa batekin tailerra emango du, eta bertan, Legarretaren gidaritzapean, kamera estenopeikoa egingo dute partaideek. Mekanismo honek argazkigintzarekin esperimentatzea ahalbidetzen du 35 mm-ko pelikula erabiliz, bai koloretan eta bai txuri-beltzean. Legarretak bere ibilbidean egindako irudiak eramango ditu ideiak hartu eta eta funtzionamendua hobeto ulertzeko. Irudi hauek nola eskaneatu eta landu ere erakutsiko du. Eraikitako kamera etxera eraman ahal izango dute parte-hartzaileek irudiak hartzen jarraitzeko.
Horrez gain, Matthew Genitempok bere lanari buruzko hitzaldi bat eskainiko du urriaren 28an. Bertan, argazkia ulertzeko duen modua eta, bereziki, argazki-liburua ikusizko narratibak eraikitzeko gune gisa ulertzeko duen modua partekatuko ditu publikoarekin. Donostiara egindako bisitan, argazkilariak argazki-portfolioak berrikusteko saio bat eskainiko du urriaren 27an (agortuta). Genitemporen egonaldia Basque Dok Festivalekin elkarlanean antolatu da.
Bestalde, Elias Querejeta Zine Eskolarekin lankidetzan, museoko liburutegiak Irudia habitatzea. Erresistentzia-egunkariak instalazioa hartuko du, Palmira Sabate eskolako Komisariotza Masterreko ikaslearen proiektua. Azaroaren 24tik abenduaren 18ra bitartean bisitatu ahal izango da eta tarte horretan proiekzio elkarrizketa bat eta bisita gidatu bat ere egingo dituzte.

