PSE-EEk etxebizitza eta gizarte kohesioa lehenetsi ditu
Ane Oiarbide bozeramaileak "herritarren beharrei erantzungo dieten politika aurrerakoiak" aldarrikatu ditu.
Ane Oiarbide sozialisten bozeramailean, osoko bilkuren aretoan.PSE-EE Donostiako Udalaren politika orokorreko osoko bilkuran, PSE-EEk azken urtearen balorazioa egin du Ane Oiarbide bozeramailearen bidez. Sozialistek etxebizitza eskuragarria eta gizarte kohesioa lehenetsi dituzte, “hiriaren etorkizuneko erronka nagusiei aurre egiteko”. Oiarbidek udal gobernuan duten zeregina aldarrikatu du, “herritarren beharrei erantzungo dieten politika aurrerakoiak eta proiektu estrategikoak sustatzeko”.
Bozeramaileak etxebizitza jo du herritarren kezka nagusitzat, eta etxebizitza publikoen eskaintza handitzeko beharra defendatu du, bereziki alokairu erregimenean, klase ertain eta langileei etxebizitza eskuratzea errazteko. “Alokairuan, errenta ez da inoiz bizikidetza unitatearen diru sarreren %30 baino handiagoa, eta familien egoerara egokitzen da. Aldiz, EAJk eta PPk defendatzen duten prezio mugatuko etxebizitza erosteko, klase ertaineko pertsona askok ordaindu ezin dituzten kopuruak behar dira”, adierazi du. Ildo horretan, Auditz Akular, Loiolako kuartelak eta Easo kaleko trenbide zabaltza gisako hirigintza garapenetan lurzoru publikoak eskaintzen duen potentziala baliatzeko eskatu du.
Bozeramaile sozialistak azpimarratu du etxebizitza funtsezko tresna dela gizarte kohesioa bermatzeko eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunek herritarrak beren hiritik kanporatzea saihesteko. “Hiri batek ezin baditu bertan bizi eta lan egiten duten pertsonak hartu, jokoan dagoena ez da merkatu bat soilik: gizarte kohesioa, aniztasuna eta etorkizuna daude jokoan. Orain, baliabideak konponbideak bilatzera bideratu behar ditugu”, adierazi du, etxebizitza larrialdiari erantzuteko erakundeen arteko lankidetza defendatuz.
Enpleguari dagokionez, Oiarbidek Enplegu eta Tokiko Garapenerako 2026-2030 Plana nabarmendu du. Apirilean onartu zen plana, 15,4 milioi euroko aurrekontuarekin, eta lan merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten pertsonengan jartzen du arreta, gazteen talentua eta ekintzailetza ahaztu gabe. Halaber, gizarte politiketarako udal aurrekontuaren igoera azpimarratu du: legealdiaren hasieran 35,3 milioi eurokoa zen, eta orain 43,5 milioi eurokoa da, %23 gehiago.
Hitzartzean, hiriaren eraldaketa ekonomikoa eta kirol eraldaketa ere izan ditu hizpide. Oiarbidek La Bretxako Nasara espazioaren potentziala nabarmendu du, kultura, produktua, prestakuntza eta laneratzea uztartzeko sortua, baita Illunbe Berria ere, kirol, kultura eta ekonomia erreferente bihurtzea helburu duen erabilera anitzeko pabiloi berria. Azken horri dagokionez, kirol instalazioak parke teknologikoaren hedapenarekin lotzeko aukera defendatu du. “llunben aukera historiko bat zabaltzen zaigu norabide horretan aurrera egiteko. Ezin dugu aukera hori alferrik galdu, bi errealitate hauek uztartzeko: zientzia eta kirola. Proiektu berri horren bidez, kirola hiriaren nortasun-ikur gisa sustatu nahi dugu, teknologiarekin, ekintzailetzarekin eta talentuarekin lotuta. Kirol hiriaren, erabilera anitzeko arenaren eta polo teknologikoaren arteko lotune bat”.
Amaitzeko, Oiarbidek adierazi du “donostiarra izateko modu bakar bat ez dagoela eta pertsona guztientzako tokia egon behar dela”, eta PSE-EEk gizarte kohesioa indartuko duten eta etorkizuneko Donostia eraikitzen lagunduko duten politika publiko aurrerakoiak bultzatzen jarraituko duela aldarrikatu du.

