Txomiñenean lursail bat doan jasotzea onartu du Eusko Jaurlaritzak, Loiolako osasun zentro berria eraikitzeko
Osasun Sailak 9,4 milioi euro bideratuko ditu anbulatorio berriko obretara eta ekipamendu sanitariora. Eraikinak lau solairu izango ditu, eta urtarrilean hasitako lanek 24 hilabeteko exekuzio epea dute.
Honelakoa izango da Loiolako anbulatorio berria, Txomiñenean kokatua.Eusko Jaurlaritza Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Donostiako Udalak Txomiñeneako lursail bat doan lagatzea, bertan Loiolako osasun zentro berria eraikitzeko. Dohaintza formalizatzeko izapide horri esker, ingurune horrek egungoak baino ahalmen handiagoa, irisgarritasun hobea eta instalazio modernoagoak dituen anbulatorioa izango du.
Osakidetzaren azpiegitura berri hau egikaritzeko eta beharrezko ekipamendu sanitarioa erosteko, Osasun Sailak 9,4 milioi euroko inbertsioa egingo du. Eraikuntza lanak joan den urtarrilean abiatu ziren, eta 24 hilabeteko epea dute amaitzeko.
Lau solairu
Anbulatorio berria Txomiñeneako erdigunean egongo da. Eraikinak 3.307 metro koadroko azalera izango du lau solairutan banatuta, eta beharrezko zerbitzu guztiak bilduko ditu. Zehazki, Familia Medikuntzako 11 mediku kontsulta eta hamar erizaintza kontsulta izango ditu; pediatriako hiru, eta erizaintzako bi; emakumeen arretarako bi eta fisioterapiako bi kontsulta zein gimnasio bat. Horrez gain, arlo administratiboko pertsona bakarreko sei postu egongo dira, baita sendaketa gela, odola ateratzeko gela, proba osagarrien gela, larrialdietako gela eta taldeko jardueren gela ere.
Bestalde, eraikinaren hirugarren solairu osoa adikzio zentrorako gordeko da. Gainera, osasun zentro berriak irakaskuntza unitatea eta Biogipuzkoa osasun ikerketako institutuaren ikerketa jarduerarako hainbat bulego ere hartuko ditu.
Osasun Itunarekin bat
Egitasmo hau Osasun Sailaren eta Osakidetzaren 2025-2032 Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen Programan jasota dago. Programa horrek 1.600 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, eta Lehen Mailako Arreta indartzea lehenesten du, bai zentro berriak sortuz, bai lehendik daudenak indartuz.
Aldi berean, jarduketak Euskadiko Osasun Itunaren helburuei erantzuten die, herritarren beharretan zentratutako osasun sistema publiko gertuagoa, irisgarriagoa eta koordinatuagoa indartzeko bidean.

