Zilarrezko Euskadi saria jaso dute hiru donostiarrek
Ibai Iztueta sariarekin, Parte Zaharreko Elkar dendan.Donostiako Udala Gipuzkoako Liburu Denden Elkarteak leku aproposa aukeratu zuen atzo Zilarrezko Euskadi sariak banatzeko. Parte Zaharreko Elkar liburu dendan egin zuten ekitaldia, Bilintx izenpean ireki zuten saltokiaren 50. urteurrenarekin bat eginez.
Sarituen artean, berriz, hiru donostiarren lana goraipatu zuten. Ibai eta Eneko Iztueta anaiek idatzitako eta Aritz Vietesek marrazturiko Kontua eta zikina. Euskal pop noir bat (Txalaparta) lanak eskuratu du komiki onenaren saria. Ibai Iztuetak jaso zuen saria hiruen izenean.
Narratiban, euskarazko eleberriaren Zilarrezko Euskadi saria Maddi Ane Txoperena idazle lapurtarrak jaso zuen, Zaldi bat (Txalaparta) lanarengatik. Gaztelaniazko nobelaren saria, berriz, Theodor Kallifatides idazle greziar-suediarrak eskuratu zuen Una mujer a quien amar (Galaxia Gutenberg) lanarengatik.
Hain zuzen ere, 88 urteko idazle beteranoak sari banaketan eta egindako solasaldian parte hartu zuen. Adinarengatik gehiago idatzi ezingo duela esan zuen, “oso nekatua” dagoelako. Era berean, aipatu zuen 14 urterekin etxean zituen liburu guztiak irakurri ondoren, harentzat mugarri bihurtu zen eleberri bat gomendatu ziotela liburu denda batean; Fiodor Dostoievskiren Belyye nochi (Gau zuriak).
IRUTXULOKO HITZAk Eneko Iztueta egileetako bat elkarrizketatu zuen iazko azaroan.

