Asteburu honetan, Donostian, zer?
'Herentzia' antzezlana.Donostia Kultura Zer plan duzu asteburu honetan Donostian? Gure agendan ekitaldi aukeraketa zabala aurkituko duzu, eta, horrez gain, egun bakoitzeko plan proposamen bat egingo dizugu jarraian.
Ostiralean (hilak 16), antzerki proposamen bat egingo dizugu: Kulunka Teatro konpainiak Herentzia antzezlana eskainiko du Antzoki Zaharrean. Sarrerak leihatilan eta Donostia Kulturaren webgunean daude salgai.
Larunbatean (hilak 17), Dabadabako proposamen berezi bat: Albina Stardustek, zuzenean, grabatuko du bere podcastaren hamargarren atala, Bermut trabestia. Otsailean hasi zuen drag artista ez bitarrak Albina Stardusten 10 mandamenduak podcasta. Sarrera doakoa izango da.
Igandean (hilak 18), blues zaleentzako proposamen bat: Paul San Martin blues pianista donostiarraren laukoteak joko du Altxerrin. 20:00etan. Sarrerak 5 euroan egongo dira salgai, han bertan.
Bonus track. Astean zehar egiteko plan proposamen bat ere, hementxe: Eskuin muturraren gorakadari buruzko hiru hitzaldiz osatutako zikloa antolatu dute, Okendo Kultur Etxean. Astelehenean, Xabier Aierdi Soziologian doktoreak immigrazioa izango du hizpide; asteartean, Iraia Hernandez eta Nati Rufo feministek borroka feministak izango dituzte ardatz eta, asteazkenean, Miguel Urban aktibista trumpismoaz ariko da. Hitzaldi guztiak doakoak izango dira, eta denak 19:00etan hasiko dira..

