'Dbus eta Gabonak' haurrentzako marrazki lehiaketak 20 urte beteko ditu
19. 'Dbus eta Gabonak' lehiaketaren sari banaketa, Aquariumeko areto nagusian.Dbus Aurten, Dbus eta Gabonak haurrentzako marrazki lehiaketa hogeigarren aldiz antolatu dute. Urteurren hori dela eta, Dbusek ospakizunerako edizio bat prestatu du, sari bereziekin, Donostiako familiekin batera hiriko garraio publikoari lotutako marrazkiak, sormena eta Gabonetako espiritua bultzatzen igarotako bi hamarkadak ospatzeko. Gainera, Donostiako Tranbia Konpainia sortu zenetik 140 urte bete diren unean egingo da.
Beste behin ere, lehiaketa 13 urtetik beherako haurrei zuzenduta dago, eta Gabonekin eta Dbuseko autobusekin lotutako marrazki bat eginez parte hartu ahal izango dute. Neska-mutikoen sormena sustatzeaz gain, lehiaketaren asmoa da Donostian garraio publikoa erabiltzeak duen garrantziaz ohartaraztea, Donostiako hiri guneen jasangarritasuna eta donostiarren bizi kalitatea bermatzeko balio baitu. Gabonetan, zehazki, garraio publikoaren erabilera funtsezkoa da mugikortasuna efizientea izatea bermatzeko.
Marrazkiak Fnac-eko informaziorako mostradorean entregatu beharko dira —San Martin merkataritza gunean—, lehiaketa antolatzen laguntzen duen erakundea baita, eta Dbuseko bulegoetan —Fernando Sasiain, 7—, eta marrazkien atzealdean parte hartzailearen datuak jarriko dira: izen-abizenak, adina, jaiotze data, helbidea, telefonoa eta harremanetarako posta elektronikoa, ikastetxea eta baimendutako tutorearen sinadura. Marrazkiak jasotzeko azken eguna azaroaren 12a, osteguna, izango da.
Bi kategoria egongo dira. A kategoria 8 urte artekoa izango da; hau da, 2018an edo geroago jaiotako haurrentzat. B kategoria, berriz, 9 eta 12 urte artekoa; hau da, 2014an, 2015ean, 2016an edo 2017an jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute.
Sariak
Epaimahaia Dbusek izendatutakoa izango da, eta kategoria bakoitzeko marrazki irabazleak hautatuko ditu. Lehen sariak, bizikleta bat eta Zumaiako Flyscha ezagutzeko tailerra eta itsasontziz irteera eskuratuko ditu. Bigarren sariak, Fujifilm Mini 12 argazki kamera eta Ekainberrira (Zestoa) bisita esklusiboa zortzi partaideko talde batentzat gehienez. Hirugarren sariak, liburu sorta bat zein artistaren kita eta Eureka! Zientzia Museorako lau sarrera eta Animalia sailera bisita gidatua. Gainerako finalistek, diploma bana jasoko dute.
Sariak banatzeko ekitaldia abenduaren 10ean izango da, ostegunean, 18:00etan, Donostiako Aquariumeko auditoriumean. Edukiera mugatua denez, parte hartzaile finalistak eta haien familiak bakarrik joango dira ekitaldira. Aldez aurretik telefonoz harremanetan jarriko dira haiekin.

