Egunean, 3.000 bat txakur gorotz jaso gabe uzten dituzte kalean
Udalak 'Kaka zaharra' kanpaina abian jarri du txakurren jabeek arazo honetaz kontzientzia har dezaten.
Kanpainaren aurkezpeneko irudi bat.Donostiako Udala Txakur jabeen erantzukizuna sustatzeko helburuz, Kaka zaharra! Kalea guztiona da, zure txakurraren kakak, berriz, ez izeneko sentsibilizazio kanpaina abian jarri du Donostiako Udalak. Gorotz erraldoi baten itxurako puzgarriaren aurrean argazkia egin ondoren, Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako eta Ingurumen zinegotzi Iñigo Garciak.
Izen “deigarria eta barregarria” badu ere, arazo “serioa eta egunerokoa” dela azaldu du, eta datu batekin islatu du bere tamaina: egunean 3.000 bat txakur kaka bildu gabe geratzen dira hiriko kale, parke eta lorategietan; hau da, milioi bat baino gehiago urtean.
Txakur jabe “gehien-gehienak” arduratsuak direla baieztatu arren, gutxiengo baten erantzukizun faltak donostiar guziei eragiten diela nabarmendu du. “Ez litzateke ohikoa izan behar kaka saihesten ibiltzea edo lorategi, berdegune eta haur parkeetan halakoak topatzea. Ezin dugu txakur kakekin bizitzera ohitu”.
Garbitasun kontua izateaz gain, osasun publiko arazoa ere badela gogorarazi du; izan ere, gorotzek “bakteria eta parasitoak” izan baititzakete eta horiek arriskutsuak izan daitezke, “bereziki, haur parkeetan dabiltzan haurrentzat”. Halaber, ingurumenari ere eragiten dio, euria egiten duenean kaka estolda, ibai edo hondartzetara hel baitaiteke.
Aipatutakoez gain, egunero kalea “zintzen” duten langileekiko errespetu kontua ere badela gogorarazi du Garciak: “Ez da onargarria batzuek hiria zaintzea beste batzuk ez direnean zikintzen dutena jasotzeko gai”.
Goizean aurkeztutako komunikazio eta sentsibilizazio kanpaina, hiriko parke eta auzoetara eramango dute, txakur jabeei beren betebeharra gogorarazteko. Era berean, 85 kartel berri jarriko dituzten parkeetan eta arazo hau ohikoagoa den lekuetan. Azken horietan gainera, zaintza handituko dute, baina ez isuna jartzeko helburuz —Gizabideri buruzko udal ordenantzan jasota dago, arau hauste arin gisa—; Garciaren iritziz, “espazio publikoa partekatu eta zaintzea partekatutako ardura” baita.
Txakur gorotza ez jasotzeak, egun, 100 eta 300 euro arteko zigorra dakar, betiere, udaltzaingoak arau haustea gertatu den unean bertan ikusten badu.

