Juan Gabriel Vasquez, Irati Jimenez eta Yasmina Reza izango dira Literaktum jaialdiko izen nagusietako batzuk
'Gabriel Aresti Mug(h)arri' pieza eszenikoa.Literaktum 2026ko Literaktum jaialdia azaroaren 9tik 22ra bitartean egingo dute Donostiako hainbat espaziotan, literatura hiri osora zabaltzeko asmoarekin. Aurtengo jaialdiak Bitxia: aniztasuna eta ahots isilak du izena, eta gutxiengoen istorioak, errealitate ikusezinak, identitate gatazkak eta araua hausten duten zein begirada zabaltzen duten eleberriak zein beste hainbat lan bilduko dituzte.
Urtero bezala, literaturaren izen ezagunek hartuko dute parte jaialdian, eta parte hartzaile guztiak azaroaren 3an emango dituzte ezagutzera. Horien artean, Juan Gabriel Vasquez idazle kolonbiarra egongo da, azken urteotan El País egunkarian argitaratutako artikuluak biltzen dituen Esto ha sucedido lanaz arituko delarik Juan Carlos Etxeberria kazetariarekin egingo duen solasaldian. Hitzordu hori azaroaren 9an izango da, 19:00etan, Okendo Kultur Etxean, eta bertara sartzeko gonbidapena beharko da.
Literatura gehiago
Literaktumen parte hartuko duen beste idazle bat Irati Jimenez izango da; azaroaren 12an Ernest Lluch kultur etxean bere lehen ipuin bilduma den Gaupasa Kluba aurkeztuko du, Harkaitz Canorekin solasean. Kasu honetan, sarrera librea izango da.
Egun berean, Yasmina Rezak Okendo Kultur Etxean bere azken lana den Casos reales izango du hizpide Olga Grande kazetariarekin egindako elkarrizketan. Gonbidapena beharko da, eta ekitaldiaren bezperan eskuratu ahal izango da.
Musika, koplak eta antzerkia
Bestalde, Gabriel Aresti idazle eta poeta bizkaitarra zendu zela 50 urte bete zirela eta, Joxan Goikoetxeak eta Euskameratak haren figurarekiko ibilbide sentikor eta intelektuala proposatzen dute Gabriel Aresti Mug(h)arri pieza eszenikoan. Emanaldi hau azaroaren 20an izango da Antzoki Zaharrean, eta sarrerak urriaren 16ko 11:00etatik aurrera erosi ahal izango dira.
Horiez gain, egitarauaren barneko beste hainbat ekitaldi ere egongo dira kultur etxeetan: azaroaren 13an, Xabier Amurizak eta Agus Barandiaranek 85 kopla titulpean txikitatik bildutako koplak kantatuko dituzte Lugaritz Kultur Etxean.
Hurrengo egunean, azaroaren 14an, La escalera de tijera eta Z Teatrok La loca historia del siglo de oro taularatuko dute, leku berean. Azaroaren 20an berriz, Jaime Liñerak eta Ekoma Teatrok Lo peor que le puede pasar a un niño antzeztuko dute. Hiru ikuskizun hauetarako sarrerak erosi beharko dira.
Literaktum Txikia
Literaktum Txikiak ere ilustrazio lehiaketa hartuko du aurten, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara bitarteko haurrentzat. Aurtengo gaia Pinotxoren abenturak izango da, Carlo Collodi idazle italiarra eta Pinotxoren sortzailea jaio zela 200 urte betetzen direla ospatzeko. Ilustrazioak Donostiako Haur Liburutegi Nagusian eta kultur etxeetako liburutegietan aurkeztu beharko dira urriaren 26tik azaroaren 10era bitartean (biak barne).

