Koldo Mitxelenak mailegu zerbitzua denbora batez etengo du urriaren 24an
Errege Katolikoen kaleko lokal batean dago Koldo Mitxelenaren behin-behineko mailegu zerbitzua.Koldo Mitxelena Kulturunea Azken fasean sartu dira Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegia berritzeko lanak. Hori dela eta, mailegu zerbitzua denbora batez etengo dute urriaren 24an. Hain zuzen ere, funts bibliografikoak berriro kokatzeko itxiko dute Errege Katolikoen kaleko lokala. Behin-behineko mailegu zerbitzua bertan eskaini dute azken urteotan.
Egun horretara arte, liburuak eta ikus-entzunezkoak har daitezke maileguan, eta liburutegi berria inauguratu ondoren itzuli beharko dira. Irekitzearen behin betiko data posta elektronikoz jakinaraziko diete bazkideei, eta komunikabideetan, sare sozialetan eta webgunean iragarriko dute.
“Behin-behineko itxiera hau beharrezkoa da, baina barkamenak eskatu nahi dizkizugu eragindako eragozpenengatik”, adierazi dute.

