Loiuko aireportutik Donostiarako autobusetako "eserleku fantasmak" ezabatzeko neurriak eskatu ditu EH Bilduk
Lurraldebuseko autobus bat.Lurraldebus EH Bilduk presazko neurriak hartzeko eskatuko dio aldundiari Donostia eta Loiuko aireportua lotzen dituen autobus lineako “eserleku fantasmak” ezabatzeko; izan ere, pertsona “asko” geratzen da garraio horretara sartu ezinik, eserleku hutsak egon arren, Mugi txartelarekin ordu desberdinetarako egindako erosketen ondorioz. Alderdiak erreserbatzeko aukera mugatzeko galdegingo dio, aireportutik Donostiarako zerbitzuan “egunero gertatzen den egoera horrekin amaitzeko”.
Salatu dutenez, bidaiari asko autobusean sartu ezinik geratzen dira eserlekuak erreserbatuta eta ordainduta daudelako, baina ez beteta; eta uste dute arazo hori eragozteko sistema informatikoa aldatzen ez den bitartean eta txartelak benetako okupazio fisikoarekin lotzen ez diren bitartean, egoerak bere horretan jarraituko duela.
Hori horrela, EH Bilduk “bi eskaera zuzen” egin dizkio aldundiari, enpresa emakidadunarekin elkarlanean lehenbailehen konponbideak ezar ditzan. Batetik, Loiuko linean ordutegi ezberdinetako autobus zerbitzu bat baino gehiago Mugi txartelaren bidez erosteko aukera mugatzea proposatzen du, egunean zehar gertatzen den “eserleku blokeoa saihesteko”; eta bestetik, ordutegi jakin batean edukiera betetzen ez denean, hurrengo bidaietarako txartela duten erabiltzaileak autobusean sartu ahal izatea.

