Eskuin muturraren gorakadari buruzko hitzaldi zikloa antolatu dute
Goldatu elkarteak eskuin muturrak eragindako arrazakeriari buruz hitz egingo du, besteak beste.Goldatu Goldatu elkarteak hiru hitzaldiz osaturiko zikloa egingo du urriaren 19tik 21era bitarte, Groseko Okendo Kultur Etxean. Hain zuzen ere, eskuin muturraren gorakada izango dute hizpide. Zikloaren helburua aipaturiko fenomenoarekin lotutako ezaugarriak —arrazakeria, xenofobia, matxismoa, homofobia, autoritarismoa, desinformazioa eta eskubide sozialen urraketa— azaleratzea eta sakon aztertzea da.
Horrez gain, fenomeno horiei nola aurre egin hausnartzeko eta eztabaidatzeko topagune irekia eskaintzea du xede, ikuspegi kritiko eta plurala sustatuz. Hiru hitzaldiak hauek dira:
- Urriak 19. Immigrazioaren hariak arakatzen. Euskaraz eta gaztelaniaz. Hizlaria: Xabier Aierdi, EHUko irakasle ohia, Soziologian doktorea eta immigrazio gaietan aditua.
- Urriak 20. Borroka feministak, inoiz baino beharrezkoagoak. Euskaraz eta gaztelaniaz. Hizlariak: Iraia Hernandez, legelari feminista eta EHUko irakaslea; Nati Rufo, Donostiako eta Gipuzkoako mugimendu feministako militante eta aktibista. Aurkezlea: Kristina Zorita, kazetari eta moderatzailea.
- Urriak 21. El trumpismo, la ola reaccionaria global y nuestro entorno. Gaztelaniaz. Hizlaria: Miguel Urban, aktibista eta Europako parlamentario ohia.

