«Jende askok ez daki opera gustatzen zaiola, ez dakielako zer den»
10 urte zituela Donostiako Orfeoian hasi zenetik, argi izan du bere bidea: opera abeslaria izan nahi du Marta Legarrak (Altza, 2000). Kantu ikasketetan ematen ditu orduak, baina Italian 'The Turn of the Screw' operan debuta egin berritan, inoiz baino argiago du bere bokazioa.
Marta Legarra soprano donostiarra.Nagore Garmendia Marta, sopranoa zara. Nolakoa da hiri honetan opera kantatzea?
Hemen ez dago irteera askorik operan jardun nahi baduzu… ezinbestean, kanpora joan behar duzu. Egia da, bertako abeslariei asko laguntzen zaiela; Kursaalean, esaterako, abeslari askok dute tokia: Miren Urbietak eta Elena Sancho Perezek, besteak beste. Erreferenteak dira niretzat.
Italian opera estudio bat egitetik itzuli berri zara: Benjamin Brittenen ‘The Turn of the Screw’ lanean parte hartu duzu, mamu bat antzeztuz.
AEBtan eta Ingalaterran ezagunagoa den opera bat da. Proba bat egin nuen lau operatarako: hiru italieraz eta bat ingelesez. Italierazko baterako har nintzatela nahi nuen, hori baita nire errepertorioa. Baina The Turn of the Screw eskaini zidaten. Noski, baietz esan nuen; gogor egin nuen lan eta oso ondo atera zen.
Asko ikasi nuen; harmonia eta solfeoa asko kontrolatu behar dituzu operan ez galtzeko. Gainera, orkestra zuzendaria oso ezaguna zen, eta ondo egin nahi nuen… oso gustura egon nintzen harekin lanean.
Italieraz kantatzen duzu gehienbat, baina hainbat hizkuntzatan abestu duzu, ezta?
Nirea ez den hizkuntza batean abestu behar dudanean, oinarri txiki bat izatea eta itzultzen saiatzea gustatzen zait. Ez baduzu ulertzen, ezin duzu abestu, ez duzulako ezer transmititzen. Ingelesez eta italieraz moldatzen naiz ni ongi.
Badaude euskarazko operak?
Badaude! Oraindik ez dut bat bera ere egin, baina asko gustatuko litzaidake.
Eta zergatik ez dira hain ezagunak?
Hemen zaletasuna badago, baina ez hainbeste. Badago interesatzen hasi den jende gazte asko. Baina ez bazara joaten, ez duzu jakingo zer den.
Beti esan izan da opera jende nagusiarentzat eta dirudunentzat dela. Madrilen opera bat ikusitakoa naiz ni, puntako abeslariekin, 35 euroren truke. Normalean, 400 euro balio duten sarrerak dira, baina azken orduan libre zeudenak erosi nituen. Interesa baduzu eta bilatzen baduzu, operaz gozatzeko modu ekonomiko bat aurki dezakezu.
Zer uste duzu falta zaiola lirikari belaunaldi berriak erakartzeko?
Ikastetxeetan operak ikustera joateko aukera ematea; ezagunetatik, herrikoienetatik hastea. Uste dut jende askok ez dakiela opera gustatzen zaiola.
«Kursaalean Orfeoiarekin abestu dut,
baina gustatuko litzaidake, egunen batean,
bakarlari gisa aritzea»
Nola hasi zinen zu opera kantatzen?
Nire aitona-amonak Euskadiko Orkestrako harpidedunak ziren. Eta bakarlariak zeuden kontzertu batera joan ginen ama eta biok, aitona-amonek bazekitelako apur bat erakartzen ninduela kontuak.
Hunkitu egin nintzen. Mundu guztiari esaten nion opera abeslaria izango nintzela, abesten jakin gabe ere. Donostiako Orfeoian hasi nintzen 10 urterekin; gero, utzi egin nuen, bakarrik abestu nahi nuelako. Interneten irakasle bat bilatu, eta nire egungo irakaslea aurkitu nuen. Kanpoan ere egiten ditut gauzak teknika hobetzen jarraitzeko, baina bera da gehien bideratzen nauena.
Operak hunkitu egin behar zaitu, bestela, ez duzu konektatuko.
Italian abestu nuenean sentitu nuena azaldu ezina da. Pianistekin errezitaldiak egin ditut, publiko gutxirekin, baina oraindik ez nintzen orkestrarekin, zuzendariarekin, eszena zuzendariarekin oholtza batera igo, nirea ez den hizkuntza batean. Hain gustura sentitu nintzen, dagoeneko baieztatu dudala honetan jardun nahi dudala.
Egun, abeslari gisa egiten duzu lan?
Ekitaldietako harreragilea naiz, eta, hala, Kursaaleko kontzertuak ikusten ditut. Baina pare bat urteren buruan, lana utzi ahal izatea gustatuko litzaidake, soilik abesteko.
Antzezten duzun bitartean, batutari zeharka begiratu behar diozu. Nolakoa da orkestra zuzendariarekiko komunikazio hori?
Entseguei esker, badakizu pixka bat nolakoa izango den, badakizu erritmoa, baina zuzendarian zentratu behar duzu.
Hilabete oso bat irauten duen lan bat dago atzetik; Italian, astean sei egunetan entseatzen genuen. Eta opera estudio bat denez, oraindik hasten ari garen jende gaztearena… egurra ematen ziguten.
Gero eta emakume gehiago ikusten ditugu orkestra eta eszena zuzendaritzan.
Oraindik ez dut orkestra zuzendari emakume batekin lan egin, baina asko gustatuko litzaidake. Oso ondo iruditzen zait emakumeak ere zuzentzen hastea; hori da normala, ezta? Berdintasuna egotea.
Operan, matxismoa dago istorioetan. XIX. mendeko emakumeak dira, eskubiderik ez dutenak, X direnak, eta hala etiketatzen dituztenak. Baina kanpokoa beste kontu bat da.
Maila goreneko musika klasikoz inguratuta bizi den norbaitek, zer entzuten du deskonektatu behar duenean?
Denetarik! Gehien entzuten dudana, jakina, opera da, gehien gustatzen zaidana delako; baina, batzuetan, eskolak izan ditut eta ez daukat opera entzuten jarraitzeko gogorik. Klasikoak entzuten ditut, 1980ko hamarkadako musika, popa, euskarazko musika…
Zein da zure ametsetako oholtza?
Milango La Scala edo New Yorkeko Metropolitan; eliteak kantatzen du hor. Zoriontsua naiz honetan lan egitearekin soilik, baina antzoki horietan abestea da nire ametsa.
Eta gero, noski, bete gabeko zerbait daukat Kursaalarekin. Orfeoiarekin abestu dut, baina gustatuko litzaidake, egunen batean, bakarlari gisa aritzea. Horretarako lan egingo dut.

