«Kroketak prestatzean, prozesu osoa eskuz egiten dugu»
Xabat Erroizeneak eta Iñaki Azurmendik mimo handiz prestatzen dituzte kroketak, Igarako lantegian, duela bost urte sortu zuten Kroketxean. Taberna ere badute, Matia kalean, baita denda ere, San Martin merkatuan.
Xabat Erroizenea eta Iñaki Azurmendi, Kroketxeako arduradunak.Kroketxea Non: Pokopandegi bidea, 24, 20018.
Telefonoa: 638 94 73 16.
Webgunea: Kroketxea.com
Nolatan sortu zenuten Kroketxea?
Orain dela sei bat urte, biok batera jatetxe batean lanean ari ginela, etxean kroketak egiten hasi nintzen, inguruko jendearentzat, familia zein lagunentzat. Eskaerak handitzen joan zirenez, biok lana utzi, eta etxean bertan hasi ginen kroketak prestatzen. Gero eta gehiago eskatzen zizkiguten, eta ondorioz, obradore baten bila hasi ginen. Azkenean, Igaran daukagun obradorea alokatzea erabaki genuen, jada muntatuta zegoena. Laster bost urte egingo ditugu hemen, bezero pila bat ditugu eta tabernei ere kroketa asko saltzen dizkiegu.
Kroketak eskuz egiten dituzue. Lan karga handia da?
Hasieratik egin izan ditugu kroketak eskuz, metodoa hobetzen joan garen arren. Prozesu osoa eskuz egiten dugu: bexamela, bolak egitea, ogi birrinetan pasatzea… Urteko sasoiaren arabera, lan karga alda daiteke, esaterako, Gabonetan lan pila bat egiten dugu; udan ere bai, tabernek lan asko egiten baitute garai horretan. Udazkenean eta udaberrian aprobetxatzen dugu lana aurreratzeko, ondoren datozen sasoi indartsuetarako prest egoteko.
Zaporeak aldatzen doaz urteko unearen arabera?
Aldatzen goaz, baina, egia esan, ia beti berdinak mantentzen ditugu, horiek baitira gehien saltzen direnak. Mila proba egin eta merkatura hogei mila zapore atera ditugu, baina, azkenean, betikoak saltzen dira. Ideia berriren bat bururatzen bazaigu, kartan sartzen dugu probatzeko, baina funtzionatzen duenak funtzionatzen du, eta kito.
Lehengaiak Donostia ingurutik lortzen dituzue?
Ahal den neurrian bai, inguruko osagaiak erabiltzen ditugu. Esnea, adibidez, Iztuetakoa da, Lazkaoko baserri batekoa. Gazta, berriz, Zeraingo ekoizle batzuek egiten digute. Ahal den neurrian, bertakoa erabiltzen dugu. Baina badira kanpotik ekarri beharreko beste produktu batzuk ere; adibidez, Euskal Herrian urdaiazpikoak badauden arren, guk Guijuelotik ekartzen dugu. Horrekin ez daukagu arazorik, kalitate onekoa den bitartean.
Etorkizuneko plan berezirik daukazue? Zerbait al duzue buruan?
Gabonei begira, enpresei gabonsariak eskaintzen hasiko gara, hau da, langileei oparitzeko produktu sortak. Izan ere, gure dendan, kroketez gain, oliba olioa daukagu, kontserbak, urdaiazpikoa, antxoak… Gauza asko dauzkagu, eta laster aterako dugu enpresentzako kanpaina hori.
San Sebastian Shops-ek babestutako edukia


