Lanak amaituta, Amaratik Illunbera joateko bidea irekiko dute
Mendi hegalaren egonkortze lanak amaitu ditu udalak eta bihar, ostirala, irekiko du Amara aldetik Illunbera joateko bidea. Milioi bat euro inguruko inbertsioa izan du lanak eta eremuaren “segurtasuna eta egonkortasuna indartzea ahalbidetu” duela ziurtatu du udalak.
Bi fasetan egin da lana, eta Iñigo Garcia Mantentze eta Hiri Zerbitzuetako zinegotziak nabarmendu du esku hartzea “konplexua” izan dela, “baina beharrezkoa”. Izan ere, 2025ean izandako luiziaren ondorioz, lur kantitate handia mugitu zen eta horren ondorioz larrialdiko lehen esku hartzea egin zuen udalak. Bertan zortzi metroko 75 mikropilote –alboko marruskaduraren bidez kargak lurrera trasnferitzen dituzten altzairuzko barra– jarri zituen, 50 metroko luzeera duen “mikropilote pantaila” bat ainguratu eta 180 metroko ainguraketak instalatu.
Lehen fase hori amaitu ondoren, 2026ko uztailean berriro ere bidea itxi zuen udalak bigarren faseari ekiteko. Hala, sei metroko luzeera duten 48 buloi –bolumen handiko atalak elkarri gogor lotzeko erabiltzen den metalezko pieza luze zilindrikoa– jarri ditu udalak, “lurraren egonkortasuna indartzeko”.
Bigarren jarduketa honen parte ere izan da saneamendu galeriaren 42 metro berritzea, 1.200 milimetroko hodi berri bat jarriz. Amaitzeko, udalak mendiaren hegalean hidroerentzia bidez landatu du “landare-estalkia berreskuratzne laguntzeko”. Gainera, lehen fasean jarri zituen behin behineko hormgoizko hormak kendu egin ditu baita ere.
Bi esku hartzeen inbertsioa 977.493,64 eurokoa izan da, BEZa barne.

