Tasa ordainduta ere, aparkatu ezinik dabiltza Antiguan
Aspalditik dituzte aparkatzeko arazoak Antiguako Erregezainen kaleko eta Mikelete pasealekuko bizilagunek, baina, azken hilabeteotan, nabarmen areagotu dira. Horregatik, mugitzen hasi dira, udalari «alternatibak» eskatzeko.
Aparkatzeko arazoen aurrean, mobilizatzen hasi dira Antiguako Erregezainen kaleko eta Mikelete pasealekuko hainbat bizilagun, tartean, Asier Gabirondo, Kepa Vicario eta Amaia Vicario. Beñat Parra Antigua osoan dituzte aparkatzeko zailtasunak, baina Erregezainen kalean eta Mikelete pasealekuan bereziki larria da arazoa, Amaia Vicario auzotarrak salatu duenez: «Ia ezinezkoa da aparkatzea ia edozein ordutan, eta ordu zehatz batzuetan, are zailagoa da: ikastetxeen sarrera-irteeretan eta jendea lanetik ateratzen denean, adibidez. Eta udan ere, are zailagoa da». «Udan, gainera, beti daude kirol txapelketak inguruan, hondartza ere gertu daukagu… Horrek, turistak ez ezik, Gipuzkoako jendea ere erakartzen du eta ezinezko bihurtzen du aparkatzea», gaineratu du Asier Gabirondo antiguatarrak.
Egoera horren aurrean, mugitzen hasiak dira bi kale horietako bizilagunak: «Ez da oraingo gauza, baina gero eta okerragoa da egoera. Gure sentipena da udalari Antigua interesatzen zaiola beste kontu batzuk egiteko: etxebizitzak egiteko eta espekulatzeko, adibidez. Baina auzokideak alde batera uzten ari da; aparkalekuarekin, hain justu, tasa bat ordaintzen ari gara eta ezin dugu aparkatu», azaldu du Kepa Vicario bizilagunak.
Hain zuzen ere, TAO eremua da Antigua ia osoa, baita aipaturiko bi kaleak ere. Halakoetan ohikoa izaten den moduan, bertan bizi direnek egoiliarrentzako tasa ordaindu dezakete, etxetik gertu aparkatu ahal izateko erraztasunak edukitzeko. Erregezain kalean eta Mikelete pasealekuan, ordea, tasa hori ordainduta ere, aparkatu ezinik dabiltza auzotarrak: «Bertakoentzako hogei bat leku besterik ez daude, eta eskaria askoz ere handiagoa da».
Horrela, bizilagunen eskaera argia da: «Zona honetako aparkaleku guztiak ez badituzte egoiliarrentzako bihurtzen, arazoa ez da konponduko. Hori egin daiteke; araudiak jasotzen du aukera. Parte Zaharrean, adibidez, inguruko kale guztiak bertakoentzat dira eta Amaran ere ari dira halako neurriak hartzen zona batzuetan. Eta, bestela, alternatiba bat eskaini dezala udalak, ordaintzen ari garen zerbitzua erabili ahal izateko», azaldu dute bizilagunek. «Ez ditzatela parekatu hona datozen bisitarien aparkatzeko eskubidea eta urte osoan zehar hemen bizi garenon beharrak», gehitu dute.
Bizilagunen eskaera argia da: «Zona honetako aparkaleku guztiak ez badituzte egoiliarrentzako bihurtzen, arazoa ez da konponduko»
Lanak, bisitariak eta abar
Arazoa aspalditik badator ere, azkenaldian, bi kale horietan egin dituzten eta egiten ari diren lanekin, egoerak nabarmen okerrera egin duela gogorarazi dute antiguatarrek: «Jakintza ikastolaren inguruko espaloia zabaldu behar izan zutenean, leku asko kendu zituzten; Heriz pasealekuko igogailuko lanekin, beste hainbat kendu dituzte; udan hiru obra egiten aritu ziren aldi berean hemen, bakoitzarekin hainbat toki kenduz…».
Gaineratu dutenez, Pio Baroja kiroldegiko Metropolitan gimnasioak ere eragiten du: «Jende asko motoz etortzen da kirola egitera, eta ez dagoenez motoentzako leku nahikoa, askok hemen aparkatzen dute, baita TAO zonetan ere». Baina, bereziki, udan turisten eta «ingurutik datozen bisitarien» joan-etorriek dute eragina: «Erdialdean, mugatzen ari dira autoak sartzea, baina, dirudienez, Antiguan eta beste auzoetan ez dago kutsadura arazorik. TAOa ordaintzea Erdialdeko aparkalekuak ordaintzea baino merkeago ateratzen zaienez, askok hemen uzten dute autoa egun osoan zehar, eta Kontxatik paseoa emanez joaten dira Erdialdera», azaldu du Kepa Vicariok. Era berean, bizilagunek diotenez, askotan, egoiliarrentzako lekuetan ere egoten dira «turisten furgonetak», eta deituta ere, sarritan, garabia ez da joaten, «biltegia beteta egon ohi delako», Amaia Vicarioren hitzetan.
Horrela, aparkatzea eguneroko arazo bihurtu da antiguatarrentzat: «Iluntzean hona bazatoz, jende gehiena lanetik ateratzen den orduan, auto ugari ikusiko dituzu gaizki aparkatuta, 30-40 minutu bueltak ematen pasatu ostean, edozein tokitan aparkatzen bukatzen dugulako. Eta, gainera, isunak jartzen dizkigute».
Udalari hainbat idatzi bidali dizkiete egoeraren berri emateko eta egoiliarrentzako toki gehiago edo bestelako alternatibaren bat eskatzeko, baina, momentuz, «jaramonik ez», bizilagunek salatu dutenez: «Alkatea oso kezkatuta omen dago donostiarrok egunerokoan ditugun arazoekin, baina, aldiz, ez du konponbiderik eskaintzen», deitoratu du Kepa Vicariok. Horrela, argi dute borrokan jarraituko dutela: «Ez badigute kasurik egiten, beste zerbait egin beharko dugu, jendea oso-oso haserre baitago, egunero-egunero pairatzen dugun arazo bat delako».



